• SURBISA sozietate publikoaren bidez kudeatuko ditu eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko laguntzak,  2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, 800.000 euroko aurrekontuarekin.
  • Gainera, Hiri Berroneratzearen Sailak lankidetza estuagoa izango du Eusko Jaurlaritzarekin, hitzarmen baten bidez, funts berriak eskuratzeko eta eraginkortasuna irabazteko.
  • Lankidetza horrek, halaber, babesa eta lankidetza jasotzen ditu auzoetan bulegoak ezartzeko, berroneratze ekonomikoa eta soziokulturala sustatzeko helburuarekin, betiere uriko jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideei jarraikiz.
  • Horretarako, Hiri Berroneratzearen Sailak auzoen araberako diagnostikoa eta bide-orria egingo ditu, eta udaleko gainerako sailen laguntza eta lankidetza izango ditu.

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak uriko eraikinetako irisgarritasunarekin lotutako laguntzak kudeatuko ditu.

SURBISA sozietate publikoaren bidez kudeatuko ditu 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko laguntzak; 800.000 euroko aurrekontua dago horretarako.

Balio handia du horrek, Bilboko etxebizitzen % 15ek ez baitu igogailurik, hau da, 22.823 etxebizitza daude igogailurik gabekoak. Etxebizitza horiek, batez ere, Zazpi Kaleetan eta Zurbaran, Zorrotza, Irala, Otxarkoaga, Uribarri eta San Frantzisko auzoetan daude.

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi Jon Bilbaok gaur prentsaurrekoan aurkeztu duen agintaldiko berrikuntzetako bat izango da aipatutakoa. “Hiri Berroneratzearen Sailaren helburua da Bilbon eraikitako ondarea segurua, irisgarria, jasangarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea” azaldu du Jon Bilbaok. Gainera, “eraikitako ondarea kontserbatzea eta hobetzea ez ezik, jabeen elkarteetan elkarbizitza hobetzea eta irtenbide urbanistikoak bilatzea ere izango da sozietatearen lana, betiere kontuan hartuta sozietatearen eragin-eremuetako baldintza sozio-demografikoak”.

Erronka berriei eta aukerei aurre egiteko, Hiri Berroneratzearen Sailak areagotu egingo du lankidetza Eusko Jaurlaritzarekin; izan ere, gaur egun, SURBISA da leihatila bakarra bere jarduketa-eremuetako eraikinak birgaitzeko obretarako dirulaguntzen eskaerak izapidetzeko, eta orain leihatila bakar hori uri osora heda liteke. Lankidetza hori hitzarmen batean jasota geratuko da, eta bi helburu izango ditu: alde batetik, Bilbora bideratzen diren funts berriak kudeatzea, eraginkortasuna handitzeko, eta, bestetik, babesa eta lankidetza sustatzea, auzoetan Hiri Berroneratzearen bulegoak ipintzeko. Bulego horietan zeharkako lana egingo litzateke, oinarrizko hiru zutabe hauek ardatz hartuta:

  • Berroneratzea, jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideekin, etxebizitzen birgaikuntzan lagunduz.
  • Berroneratze ekonomikoa, enplegagarritasuna sustatzeari begirako jarduerekin.
  • Berroneratze soziokulturala, espazio publiko komunetan jardunez, auzotarren era askotako erabileretarako.

Hori guztia udaleko beste sail batzuen eta beste erakunde batzuen laguntzarekin eta lankidetzarekin egingo da. Aldez aurretik, Hiri Berroneratzearen Sailak diagnostiko bat egingo du auzoka, bai eta bide-orri bat ere, zer urrats egin behar diren adierazteko.

SURBISAREN EREMUA URIBARRIRA ETA URETAMENDIRA ZABALTZEA

Agintaldi honetan, SURBISAk hiri-birgaitzearen arloko eremu berri bi izango ditu bere jarduketa-eremuan. Udal-sozietateak esku hartzen duen eremuei – Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda- Uribarri eta Uretamendi gehitu zaizkie.

Uretamendi-Betolatzaren kasuan, 201 eraikin eta 1.207 etxebizitza daude, talde homogeneotan antolatuta –garai bertsuan eraikita-. Etxebizitza horiek, era berean, kontserbazio- eta irisgarritasun-behar argiak dituzte, eta ez dute isolamendu termikorik.

Beste alde batetik, Uribarri, Matiko eta Zurbaran-Arabella auzoetan, badira zenbait eraikin-multzo homogeneo, guztira 719 eta 12.094 etxebizitza, eraikin-tipologia desberdinetakoak (zurezkoak, hormigoizkoak, multzo homogeneoak, etxadia eratzen duten eraikinak…), birgaitzeko beharra dutenak eta irisgarritasunez eta igogailuz hornitzeko beharra dutenak.

Kasu batean nahiz bestean, bizilagunek zaurgarritasun adierazleak dauzkate, hala nola familia-errenta, langabezia-tasa, okupazio-tasa, mendekotasun maila, ikasketa maila, herritarren adina eta abar.

SURBISAk eremu bi horiek gehituta, udalaren hiri-birgaitzea sustatzeko esku-hartzearen eraginpean daude hiriko eraikin guztien % 22.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren betekizunak betetzen dituzten inguruetan, birgaitze babestukotzat jo daitezen proposatuko da, autonomia-erkidegoaren dirulaguntza handiagoak jaso ahal izateko, SURBISAk tramitatzen baititu leihatila bakarrean.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du ezen, hiria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela, hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.