• 2024. urterako 800.000 euroko aurrekontua dauka oztopo arkitektonikoak kentzeko, eta 160.000 eurokoa Bilboko bizitegi-eraikinetako egitura-obretarako. Aurrekontu horiek Surbisa sozietate publikoaren bidez kudeatuko dira.
  • Igogailuak jartzea eta oztopo arkitektonikoak (mailak, esaterako) kentzeko obrak egitea sustatuko da, baita forjatuak konpontzea, zimenduak jartzea eta termitak prebenitzea ere bizitegi-erabilerako eraikinetan.
  • Orain arte, Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, horrelako jarduerak sustatzen zituen, baina bere esku-hartze eremuetan bakarrik.
  • Beraz, oztopo arkitektonikoak kenduz eta segurtasuna eta egonkortasuna bermatuz, eta energia-eraginkortasuna hobetuz, eraikin guztiek izan beharko lituzketen hiru alderdi erabakigarri kudeatuko ditu Sailak uri osorako.

 

Uriko etxebizitzen % 14,59k ez daukate igogailurik, eta askok oztopo arkitektonikoak dituzte, bilbotar askoren eguneroko bizimodua zailtzen dutenak. Horregatik, uriko bizitegi-eraikinetako irisgarritasuna hobetzea balio handiko eta zeharkako helburua da Bilboko Udalarentzat.

Izan ere, Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, aspalditik bultzatzen du bere esku-hartze eremuetan oztopo arkitektonikoak kentzea eta igogailuak jartzea2024an beste urrats bat eman du eta eskumenak zabaldu ditu uriko bizitegi-eraikin guztien irisgarritasunari buruzko laguntzak kudeatzeko.

800.000 euroko aurrekontuarekin, igogailuak jartzeko eta oztopo arkitektonikoak (mailak, esaterako) kentzeko obrak lagunduko dira diruz.

Bilboko etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna hobetzea funtsezko ardatza da Hiri Berroneratzearen Sailarentzat. Igogailua edukitzea edo ez erabakigarria da pertsonen autonomiarako, etxebizitzetan bizitzen jarraitu dezaten eta, finean, hobeto bizi daitezen”, azaldu du Jon Bilbao Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Gainera, gehitu du: “ez dugu alderdi ekonomikora mugatuko gure esku-hartzea, komunitateei orientazioa eskaintzen diegu: igogailua jartzeko aukerak, kokalekua eta dimentsioak, jabeen erkidegoak hartu behar dituen erabakiak, behar diren gehiengoak, obren finantziazioa eta kontratazioa eta abar.”

Hauek dira diruz lagundu daitezkeen jarduketak, besteak beste:

  • Igogailua jartzea: laguntza ekonomikoa jarduketaren benetako kostuaren % 10 izango da eta itzuli beharrik gabekoa izango da laguntza. Gehienez 12.000 euro emango dira. Instalazioak irisgarritasun unibertsaleko ibilbidea sortzea edo lurrak desjabetzea badakar, laguntza aurrekontuaren % 15ekoa izango da (32.000 euro gehienez).
  • Igogailuaren ibilbidea handitzea: itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da, kostuaren % 10ekoa (8.400 euro gehienez).
  • Arkitektura-oztopoak kentzea: arkitektura-oztopoak kentzeko beste jarduketa batzuk egiten badira (eskailera-igogailua jartzea, arrapala eraikitzea, dauden igogailuak berritzea -baldin eta irisgarritasuna hobetzen badute-, lehendik dauden igogailuetan geralekua berdintzea helburu duten jarduketak…), obraren benetako kostuaren % 10eko dirulaguntza izango da laguntza ekonomikoa, eta zenbateko hori ez da itzuli beharko. Laguntza hori lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da gehienez.

Gaur egun, igogailurik gabeko 24.250 etxebizitza daude Bilbon, eta erdiak baino gehiago, 14.802, batez ere SURBISAko auzoetan daude: Zazpi Kaleak, Zurbaran, Zorrotza, Irala, Uribarri, Uretamendi, San Ignazio eta Bilbo Zaharra.

SURBISAerkidegoei eta bizilagunei lagun egiten die prozesuan zehar, bizi-kalitatea eta irisgarritasun unibertsala hobetzeko asmoz. Horretarako, bereziki familia zaurgarrienak babesten ditu eta behar den bitartekaritza eskaintzen du, erakinean igogailua jarri ahal izateko. Gainera, horrelako eraikinetan igogailua jartzea zaila denez, aukeren krokisa egiten du, hori tresna tekniko oso eraginkorra baita jabe-erkidegoen batzarretan erabakiak hartzea errazteko.

Jarduketa-lerro horiek Bilbao Balioen Hiria-ren balioekin identifikatzen dira, garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriz. Izan ere, eraikinen irisgarritasuna hobetzeko plan honek berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa bultzatzen ditu.

ERAIKINEN EGITURA SENDOTZEKO DIRULAGUNTZAK

Bilboko ondare eraikia zaharrenetakoa da eta, beraz, eraikin gehienek Ikuskapen Teknikoa (EIT) egin behar izan dute haien kontserbazio-egoera eta ezarri beharreko neurriak egiaztatzeko. Horiek ikusita, eraikinen eta lur osagarrien euste-egiturari eragiten dioten kalteak atzeman dira. Kalte horiek konpontzea garestia izan ohi da, egitea zaila izateagatik eta patologia motagatik.

Hori dela eta, Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, egiturari eta termiten aurkako tratamenduari eragiten dieten esku-hartzeak diruz lagunduko ditu, bizitegi-erabilerako eraikinetan egiten direnean. Horrela, ezohiko ordainketa suposatzen duten eta, kalteen izaeragatik eta horiek segurtasun-baldintzetan daukaten eraginagatik, denboran atzeratu ezin diren obrak finantzatzen lagunduko du.

Hauek dira, besteak beste, jarduera eta laguntza horiek:

  • Egiturako berrikuntzak: forjatuak, karga-hormak, euste-hormak, portikoak eta zimenduak. % 25eko dirulaguntza, gehienez 8.000 euro eraikin bakoitzeko.
  • Termita-izurriteak desagerraraztea: termiten aurkako tratamendua eta beharrezkoak diren birjartze-lanak. % 50eko dirulaguntza, gehienez 25.000 euro eraikin bakoitzeko.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du Bilbon; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, uria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.