• Sailak, hirugarren urtez, SURBISAaren bitartez, 2024 Lerro Berdea eskaintzen du, oraingo honetan bizileku erabilera daukaten Bilboko eraikinetan birgaikuntza-obrak eraginkortasun energetikoko irizpideekin egitea bultzatzeko.
  • Laguntzen aurrekontua 530.000 eurokoa da. Hilaren amaieran eska daitezke, eta beraien bidez % 50eko dirulaguntza emango da (15.000 euroko mugarekin) esku-hartze eta eraikin bakoitzeko.
  • Deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen hiru ekintza-eremu sartzen dira: energia-eskaera murrizten duten birgaikuntza-neurriak; energia berriztagarrien erabilera sustatzeko neurriak; eta erabilerarik gabeko eraikinak edo espazio pribatuak birnaturalizatzeko esku-hartzeak, ekintza berdeen bitartez.
  • Iaz, 3.300 familia baino gehiagok jaso zituzten Lerro Berdearen onurak, eta jarduketa babestuek guztira 2,5 milioi euroko inbertsioa eskuratu zuten.

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, dirulaguntzen lerro bat abiatu du aurten ere, energia-eraginkortasuna hobetzekoOraingoan, hiri osoko eraikinentzat da.

2024 Lerro Berdeak” 530.000 euroko aurrekontu-partida dauka. Haren helburua birgaikuntza-obrak sustatzea da, energia-eraginkortasuneko irizpideekin, Bilbon etxebizitza-erabilera daukaten eraikinetan.

Deialdi honetan, diruz lagundu daitezkeen hiru ekintza-eremu sartzen dira: energia-eskaera murrizten duten birgaikuntza-neurriak; energia berriztagarrien erabilera sustatzeko neurriak; eta erabilerarik gabeko eraikinak edo espazio pribatuak birnaturalizatzeko esku-hartzeak, ekintza berdeen bitartez.

Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen zinegotziak azaldu duenez, “programa honen bidez, Hiri Berroneratzearen Sailak 2022an hasitako planarekin jarraituko du, Energiaren eta Klimaren Plan Nazionalean jasotako energia-eraginkortasuneko helburuak lortzen laguntzeko. Plan horrek adierazten du 2030erako eraikinen % 3 birgaitu beharko liratekeela urtean energia-eraginkortasuneko baldintzetan”.

Helburu anbiziotsu horretan laguntzeko, “2024 Lerro Berdeak” bi ekintza mota aipatzen ditu. Batetik, inguratzaile termikoan jardunez energia-eraginkortasuna hobetzea. Eta, bestetik, bai instalazio termikoetarako bai elektrizitaterako energia berriztagarriko iturriak sartzen dituzten jarduketen bidez egiten diren hobekuntzak.

LAGUNTZA MOTAK, EPEAK ETA ZENBATEKOAK

2024ko deialdi honetan, laguntzen lerro berdeak diruz lagundu daitezkeen 3 jarduketa-eremu ezartzen ditu:

  1. Energia-birgaikuntzako neurri pasiboak Bilboko etxebizitza-eraikinetan, energia-eskaera murrizteko, energia eta dirua aurrezten dituztenak, eta erosoagoak direnak.
  2. Bilboko etxebizitza-eraikinetan energia berriztagarrien erabilera sustatzeko neurri aktiboak. Neurri hauen bidez, erregai fosilen kontsumoa murrizten da eta gas kutsagarri gutxiago igortzen da atmosferara.
  3. Eraikinak edo espazio pribatuak birnaturalizatzeko esku-hartzeak, erabilerarik ez badute, erabilera okerra edo irregularra badute, edo abandonatuta badaude, jarduketa berdeak ezarriz eta naturalizatzeko jarduketak eginez, bai ingurumenaren alorreko helburuak lortzeko, bai degradaturik dauden espazioak edo degradatuta egoteko bidean daudenak mantentzeko eta erabiltzeko arazoak bideratzeko. Zenbait espazio mota gaitzea ere sartzen da hemen, hala nola eraikinen teilatuak edo fatxadak, erabiltzeko edo gozatzeko moduko espazio naturalak sortzeko haietan.

Laguntzak hilaren amaieran eska daitezke, eta haien bidez % 50eko dirulaguntza emango da (15.000 euroko mugarekin) esku-hartze eta eraikin bakoitzeko. Babesten diren jarduketak 2023ko urtarrilaren 1ean hasi behar dira eta 2024aren amaierara arte (edo aurrekontuko zuzkidura bukatu arte) egikaritu behar dira.

Energia aurrezteko eta energia-efizientzia hobetzeko plan hau Bilboren Balioen Agiriaren balioetan txertatzen da; zehazki, ingurumen-jasangarritasunari, konpromisoari eta erantzunkidetasunari, eta osasunari dagokienez. Modu berean, bat dator garapen jasangarrirako helburuekin, zehazki, energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

“2023 LERRO BERDEA”

Iazko deialdian, 3.329 familiak laguntzaren bat jaso zuten euren eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzen jarraitzeko. 363.000 euroko zuzkidura zegoen horretarako. Laguntzak % 50ekoak ziren obrak egiteko (gehienez 15.000 euro eraikin bakoitzeko edo 1.500 euro etxebizitza bakoitzeko), eta % 100ekoak dokumentu tekniko eta energetikoak idazteko.

Laguntzak barruti guztietan eman ziren. Bereziki aipatu behar da 5. barrutia, eta horren ostean 1, 6 eta 7. barrutiak. Jarduketa babestuek 2.475.057 euroko inbertsioa jaso zuten.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du Bilbon; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea egiten du. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk bi helburu ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.