Oinarri hauen xedea da Bilbo udalerrian bizitegi eraikin pribatuen energi hobekuntzako esku-hartzeak burutzeko nahiz energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta jabetza pribatukoak diren eta Bilbon dauden hiri-espazio eta eraikinak naturalizatzeko eta hobetzeko jarduketetarako Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bitartez, onetsi eta ematen dituen itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak lortzeko betekizunak arautzea.
Energia efizientzia eta aurrezpena sustatzea da xedea eta, horretarako, jarduketa hauetarako neurri ekonomikoak eta erabakiak hartzeko laguntza teknikoa eskaintzen zaie eta erabiltzen ez diren espazio pribatuetarako soluzio berdeak bilatzen dira. Hori guztia hainbat xedetarako: energi efizientzi handiena lortzen duten lanak egitea erraztu eta energi aurrezpenerako inbertsioak sustatzea; energi efizientziako aurrezpen neurri gehiago ezartzen jarraitzeko sentsibilizatu eta energi hobekuntzako esku-hartze txikiak burutzen laguntzea; eta, azkenik, birnaturalizazio ekintzen bidez, udalerrian erabili gabe edota narriatuta dauden jabetza pribatuko espazioak edo eraikinen estaldura eta fatxadak eraldatzea.