• Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak beste 3 milioi euro esleitu ditu eta orain arte jasotako 17 milioiei gehituko zaizkio.
  • Birgaitzeko udal-sozietateak, Hiri Berroneratzearen Sailaren mende dagoenak, orain arte funtsen faltagatik zain zeuden eskaera berriak izapidetu ahal izango ditu.
  • Gaur egun, 12,9 milioi euro eman dira dirulaguntzetan, eta 100 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira energia-birgaikuntzako obretan 82 eraikinetan, uriko 3.367 etxebizitzatan baino gehiagotan.
  • Laguntza ekonomikoak birgaikuntza energetikorako dira, hiru programaren bidez: etxebizitzak hobetzeko, eraikinak hobetzeko eta eraikinaren liburua egiteko eta higiezinak birgaitzeko proiektuak idazteko.

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailaren barruan dagoen SURBISA udal-sozietateak kudeatuko ditu, lehiatila bakar gisa, Bilboko etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak, Next Generation funtsetatik datozenak.

Jasotako eskarien oldea ikusita eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak esleitu zizkion 17 milioi euroak konprometitu ondoren, Europako funts horietatik 3 milioiko beste ekarpen bat egitea erabaki da, eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoa sustatzeko.

Horrela, 2022an jasotako 4 milioi euroez eta 2023ko apirilean esleitutako 13 milioiez gain, SURBISAk beste 3 milioi euro gehituko ditu Next Generation funtsetatik datozen laguntzak kudeatzeko. Funts horiek Bilboko etxebizitzetan eta eraikinetan birgaitze energetikorako lanak egiteko erabiliko dira. Horrela, Surbisak Next Funtsetatik datozen 20 milioi euro kudeatuko ditu Bilbon, leihatila bakar gisa.

Programa honen garapena hain izan da arrakastatsua, ezen joan den ekainean, hau da, hasi eta urtebetera, Bilbok soberan gainditu baitzituen hasieran ezarritako helburuak670 etxebizitzaren birgaitze efizientea, alegia“, azaldu du Jon Bilbaok Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak eta Surbisako presidenteak.

JASOTAKO ESKAERAK ETA IZAPIDETUTAKO LAGUNTZAK

Orain arte, onartutako dirulaguntzen zenbatekoa 12,9 milioi eurokoa izan da 40 eraikinetan, hau da, uriko 1.508 etxebizitzatan. Guztira 3.367 eskaera jaso dira, horietatik 570 etxebizitzetan eta 82 eraikinetan esku hartzeko.

Gainera, etxebizitza bakoitzak bere eraikinean egiten dituen obren batez besteko inbertsioa 38.000 eurokoa da, eta etxebizitzetako obren batez besteko inbertsioa 8.400 eurokoa da. Horrela, bada, Next Generation funtsei esker birgaitze-obretan mobilizatutako kopuru osoa 100.000 milioi eurokoa da.

Bilboko eraikinetan laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: hobekuntza energetikoa lortzeko obrak egitea, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren adierazlea gutxienez % 30 murriztuz, esaterako, fatxadetako eta estalkietako isolamendu termikoko obren bidez. Gainera, obra horiekin eraikinaren energia-eskaria % 25 murriztu behar da.

ERAIKINEN BIRGAITZE ENERGETIKORAKO NEXT FUNTSAK

Euskadiko etxebizitzetako eta eraikinetako birgaitze energetikorako laguntzak Europako Next Generation funtsetatik eta gobernu zentralaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bidez datoz laguntza horiek.

Laguntzak eskatzeko prozesua errazteko, Etxebizitza Sailak birgaitze sozietateekin sinatu zituen lankidetza-hitzarmanak, esaterako SURBISArekin, eta Birgaitzeko Bulegoen sare bat sortu zuen. Bulego horiek leihatila bakar gisa jardun dute, herritarrek haietara jo dezaten informazioa eskatzera eta Next Generation funtsen nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzen izapideak egiteko. Guztira 16 dira, horietako bat Surbisa. Laguntza ekonomikoak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta horien zenbatekoa obren bidez lortzen den energia-hobekuntzaren araberakoa da, eta eraikinen kasuan, kontuan hartzen da baita zer-nolako egoeran dauden.

Laguntza horiek emanda eta kudeatuta, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planean jasotako 27. eta 29. helburuak bete nahi dira. Helburu horiek etxebizitzak berritzeko prozesua amaitzeari buruzkoak dira, eta, batez beste, energia primarioaren % 30 aurreztea lortu nahi da.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

SURBISAk -Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzailea NEXT GENERATION Europako funtsetan- Bilboko Agiriko balioak ezar daitezen sustatzen jarraitzen du, zehazki, Ingurumenaren Jasangarritasunari, Konpromisoari eta Erantzunkidetasunari eta Osasunari dagokienez. Modu berean, garapen jasangarrirako helburuekin bat datozen jarduketak kudeatzen ahalegintzen da. Hauek dira garapen jasangarrirako helburuak: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.