–Bilboko Udalak babestutzat jo dituen Bilboko zonetako eraikin eta etxebizitzetarako laguntza ekonomikoak dira.

 –Zona horien hiri-berroneratzeko aurrekontua, 2024an, 520.000 eurokoa da, eta aurrekontu berdinarekin iaz 8,8 milioi euro baino gehiago bideratu ziren birgaikuntza obretarako.

 –Surbisaren laguntza ekonomikoak Eusko Jaurlaritzaren laguntzen osagarri eta haiekin bateragarri dira, eta aldi berean eta leihatila bakarrean izapidetzen ditu Surbisak.

SURBISAren bidez, Hiri Berroneratzearen Sailak lan egiten du eraikitako ondarea segurua, irisgarria eta efizientea izan dadin eta kalitatezko etxebizitzak eskain ditzan. Era berean, udal sail horrek auzo behartsuenen birgaitzearen, jasangarritasunaren eta gizarte-kohesioaren aldeko apustua egiten du, bai eta ingurune eta eraikin multzo bereziak hobetzearen aldekoa ere.

(Bilbon, 2024ko otsailaren 14an). Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bitartez, eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko laguntzen oinarri arautzaileak onetsi ditu 2024-2027 urteetarako. Bilboko Udalak babestutzat jo dituen Bilboko zonetako eraikin eta etxebizitzetarako laguntza ekonomikoak dira. Zona horien artean, orain lehenbiziko aldiz, Uretamendi eta Betolaza auzoak daude. Zehazki, bi auzoon kudeaketa 2023an agindu zitzaion Surbisari. Haiez gain, Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala eta Zazpilanda auzoek jaso ditzakete laguntzak.

Surbisak 1990etik aurrera ematen ditu honelako obretarako laguntza ekonomikoak. Haien bidez, Surbisak hiri-berroneratzea kudeatzen duen jarduketa-zonetako eraikin, etxebizitza eta lokalen hobekuntza eta kontserbazio egokiak bultzatzen dira.

Oinarriak Eusko Jaurlaritzaren laguntzen osagarri eta haiekin bateragarri dira, eta aldi berean eta leihatila bakarrean izapidetzen ditu Surbisak.

“Hiri-berroneratzearen aurrekontua, 2024. urterako, 1.520.000 eurokoa izango da”, azaldu du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen zinegotziak. “Iazko aurrekontua mantendu dugu, eta zifra horrekin 8,8 milioi euro baino gehiago bideratuko ditugu birgaikuntza babestuko eremu horietako eraikin eta etxebizitzak birgaitzeko obrak egiteko”, erantsi du.

Birgaikuntza bultzatzeko, Jon Bilbaoren zinegotzigoak SURBISA birgaikuntzako sozietate publikoaren lantalde tekniko, juridiko, sozial eta administratiboaren laguntza du, eta dirulaguntzak ematen ditu, zenbait irizpidetan oinarrituta:

0. lerroa. Obrak egiteko erabakiak hartzeko oztopoa gainditzeko, jabe erkidegoei zuzenean emandako laguntza batekin bultzatzean.

  1. lerroa. Etxebizitzak konpontzeko obra txikiak berandu gabe egin behar dituzten eta egoera kalteberan dauden familientzako laguntza.
  2. lerroa.- Eraikinen segurtasuna eta egonkortasuna lortzeko, diru-sarreren araberako laguntza ematen zaie familiei.
  3. lerroa.- Irisgarritasun baldintzak hobetzea eta igogailuak instalatzea: Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak euren auzo, eraikin eta etxebizitzan gelditzeko ahalegina egiten da, errotuta segitzeko eta giza harremanak mantentzeko.
  4. lerroa.- Proiektu estrategikoak: Hirigintzako araudiak babestutako elementuak edo interes historiko eta artistikoa daukaten elementu bereziak kontserbatzea bultzatzen da. Modu berean, energiaren alorreko birgaikuntza, amiantoa kentzea, eta aztarna ekologikoa eta hondakinen sorrera murrizten dituzten proiektuak sustatzen dira.
  5. lerroa.- Lokal komertzialetan hiriaren irudia hobetzen duten obrak egiteko laguntzak.
  6. lerroa.- Gizarte-kohesioko laguntzak. Obren kostu osoa estali dezaketen laguntzekin, kolektiborik behartsuenei laguntzen zaie, baldintza egokietan bizi daitezen, komunitatearentzat eta bizilagunentzat interes orokorrekoak diren obrei aurre egin ezin izateagatik kaleratuak izan gabe.
  7. lerroa.- Erabilerarik gabeko espazioak birnaturalizatzeko jarduketak. Jabeei edo jabe erkidegoei zuzenean ematen zaizkien laguntzak dira, espazio pribatu degradatuak edo erabilerarik gabekoak erabiltzen hasteko proiektu berdeak abiatu ditzaten.

Beste laguntza berezi batzuk, hala nola:

  • Tranbiaren trazatuak eragindako aldamioak ipintzeko laguntzak.
  • Finken administrazioko zerbitzu profesionalak kontratatzeko laguntzak.
  • Termiten aurkako tratamenduan eraikuntza-etxadietan elkarrekin esku hartzeko laguntzak.
  • Jabeek, ordezko gisa, larrialdiko jarduketa txikiak egiteko laguntzak.

Laguntza horiek dagoeneko eska daitezke Surbisan, aurretiaz hitzordua hartu gabe. Obrak hasi aurretik onartzen dira laguntzak, eta obra egin eta berehala ordaintzen dira.

Babestutako zonei, dokumentazioari eta betekizunei buruzko informazio guztia bilbao.eus/surbisa web-orrian kontsulta daitezke.

   BILBO ZAHARREKO BELAUNALDI ARTEKO PROGRAMA

Laguntza ekonomikoen programa berri bat sartu da, “Bilbo Zaharreko belaunaldi arteko programa” izenekoa. Beraren bidez, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzen da: bakarrik bizi diren eta emantzipaziorako zailtasunak dituzten eta/edo aldi baterako alojamendua behar duten gazteekin etxebizitza partekatu gura duten pertsonentzat da. Horretarako, dirulaguntza bat ematen zaie etxebizitza birgaitzeko, bizilagun berriei leku egiteko behar den lanak egiteko.

“Oso kontuan hartzen dugu alderdi gizatiarra, eta komunitateei laguntza eskaintzen diegu, eta gizarte-kohesioa sustatzen dugu gehien behar gaituzten auzoetan”; izan ere, “horrela ulertzen dugu hiri-berroneratzea, alderdi materialari ekitea, baina baita alderdi sozialari eta ingurumenari ere eta, hala, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea”, azaldu du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

 HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

 Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du Bilbon; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.