Zer da SURBISA?
SURBISA Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokalen birgaitzea sustatzen duen udal elkartea da. Surbisaren xedea da eraikitako ondarea segurua, irisgarria, efizientea eta kalitatezkoa izan dadin lortzea eta, ingurune osasungarri eta baketsuan, hiriari ekarpena egingo dion jarduera eragin eta aberastasun ekonomikoa sortzea ere bai.
Udal elkarte hau Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailaren menpekoa da. Erreminta aktibo honen bitartez, Sailak osoko esku-hartze bat sustatzen du hirian, hau da, hirigintza, gizarte eta ingurumeneko alderdiak hartzen ditu bere baitan. Horren ondorioz, helburu bakarra ez da hiri birgaikuntza lantzea, mugikortasuna, espazio publikoa, indarberritze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura eta enplegua ere lantzen ditu, besteak beste.
Surbisa diziplina askotako profesionalen talde batek osatzen du, eta talde honek, hurbiltasunetik eta auzotarren interesen alde eginez, hiri birgaikuntza sustatzeko helburua erdiesteko lan egiten du, birgaitze hori baita elkartearen eraginpean dauden eremuetako eraikinetan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko bidea.
Zein helburu du SURBISAk?
SURBISAk helburu bikoitza du: ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzen dituena izan dadin lortzea eta bere eraginpeko eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisak herritarren bizi-kalitatea hobetzea du xede.
Hiri Birgaikuntza jarduera sustatu eta aberastasuna sortzeko tresna giltzarri bihur dadin lortzea eta, ondorioz, zuzenean nahiz zeharka hiriarentzat onuragarri izatea. Jomugatzat du bere eraginpeko eremuetan bizikidetza erraztea eta, horretarako, egoiliar guztientzako ingurune inklusibo, jasangarri eta oparoagoa sustatzen du.
SURBISAren historia
Surbisa udal elkartea etxebizitzak berroneratzeko lehenengotako sozietate publikoa izan zen Euskadin. Hondamendi bati, Bilbon 1983an izandako uholdeei, aurre egiteko sortu zen, hain zuzen ere, kaltetuena izan zen eremuetako baten, hots, Zazpikaleen, hiri-birgaitzea kudeatzeko xedez.
Horrela, 1985 urtearen hasieran sortu zen, erdiguneko auzo honetan jarduteko; hala ere, 1994an, eremu horren lehen zabalkundea gertatu zen, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalara, hain zuzen ere.
Ondorengo urteetan, beste auzo batzuk hartu ditu beregan: Zabala kaleko Trebideko Langileen Auzoa (2003), Errekalde auzoko Artatzu Bekoa (2005), Zorrotzaurren dauden bizitegi-eraikinak (2007), Otxarkoaga auzoan igogailuak jartzeko kudeaketa (2008-2018), Gurutze Auzoa (2009) eta, 2012-2021 urteen bitartean, Olabeaga, Zorrotzako Zazpi Landa, Irala eta San Inazio. 2023an izan dira azken eransketak: Uribarri eta Uretamendi.
Gaur egun, Bilboko bizilagunen zerbitzurako eragile garrantzitsua eta aliatu handia bihurtu da Surbisa.