“40 urte… Bilbo hobetuz” erakusketa ibiltaria Metro Bilbaoko hainbat geltokitan eta Zazpikaleak eta San Frantzisko barrutietan izan da ikusgai.
Erakustaldi honek SURBISAk azken lau hamarkada hauetan burututako jarduketa nagusietako batzuk berrikusten ditu.

SURBISAk, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokalen birgaitzea sustatzen duen udal elkarteak, 40. urteurrena ospatzen du aurten, eta, gaur, barrutietan barrena egingo duen eta urte amaierara arte luzatuko den erakusketa ibiltariaren azken geldialdia hasiko du Errekalde barrutian (Altube Zeharkalea, 6).

Udako hiru hilabeteetan zehar, Zazpikaleak, Abando eta Santutxuko metro-geltokietan jarritako erakusketak arrakasta handia izan zuen, 2 milioi bidaiarik baino gehiagok ikusi ahal izan baitzuten. Horren ostean, SURBISAk auzoetako bizilagunei erakusketa grafiko hau hurbildu die SURBISAren historiako mugarri nagusiak berrikusteko: “40 urte… Bilbo hobetuz”.

Urrian, Yohn jauregian ikusi ahal izan zen, SURBISAk birgaitutako Zazpikaleetako eraikin enblematiko batean. Azaroan, San Frantziskoko barrutira lekualdatu zen, eta gaurtik urtearen amaierara arte, Errekalde barrutian (Altube Zeharkalea, 6) egongo da. Auzo horietako biztanleak kontuan hartuta, 76.000 pertsona baino gehiagok erakusketa ikusteko aukera izango dute urtearen amaierara arte.

Erakusketa sei panel bisualekin osatzen da, zeinen bidez Surbisak azken lau hamarkadetan Bilboko hainbat eremutan sustatutako jarduketa nagusietako batzuk berrikusten baitira, esaterako, auzoen lehengoratzea, biziberritzea, birgaitzea, hiri-berroneratzea eta irisgarritasuna.

Mugarri nagusiak

Jon Bilbao, Berroneratze zinegotzia eta Surbisaren presidentearen hitzetan, “40 urte hauetan, Surbisaren helburua hirigintzako arazoak eta egoera sozioekonomiko kaltebera dituzten auzo eta eremuen birgaitze integrala izan da, eta erreferentzia bihurtu da eraikin, etxebizitza eta lokaletan obra pribatuen sustatzaile eta babesle gisa, haietan bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-efizientzia bultzatuz nagusiki”.
Erakusketaren hasieran SURBISA hirigintzako sozietatea aurkezten da, eta urteetan zehar bere jarduera-eremuak nola zabaldu dituen aztertzen da. Elkartearen lehen helburua Zazpikaleen birgaitze integrala izan zen, 1983an Bizkaiko hiriburuan izandako uholdeek kalte handiak eragin baitzituen auzoan. Hurrengo urteetan, ordea, beste eremu batzuetara ere hedatu zen udal-sozietatearen jarduketa-eremua: 1994an Bilbo Zaharrera zabaldu zen eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. 2005ean hasi zen Surbisa hiriko eremu gehiagotan jarduten. Surbisak beste hainbat lekutan esku hartu du, hala nola Artatzu Bekoan (2005), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin multzoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016), eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).

Sortu zenetik, SURBISAk -bere laguntza, kudeaketa eta lankidetzarekin-, birgaikuntza pribatuko jarduketak sustatu ditu eraikin, etxebizitza eta merkataritza-lokaletan, ia 318 milioi eurora iritsi direnak. Kopuru horretatik 87,8 milioi euro inguru Surbisak kudeatutako laguntza ekonomikoetatik datoz. Horietatik, 54 milioi euro funts propioei dagozkie eta gainerakoak Eusko Jaurlaritzaren laguntzei. Azken horiek Surbisaren bidez kudeatzen dira, leihatila bakar gisa.

Horri esker, Surbisak Bilboko eraikin guztien % 22 birgaitzeko lanak kudeatu ditu. Zehazki, 2.552 eraikin, 18.051 etxebizitza eta 58.697 egoiliar izan dira onuradun, eta hiriko barruti gehienetan jardun du. 2036. urteari begira, helburua da Etxebizitzaren Itun Sozialarekin bat egitea eta 55.000 etxebizitza birgaitzen laguntzea, hau da, etxebizitzen parkearen heren bat.