• Ekipamendu berriak bat egin du OPENGELA bulego-sarearekin, alegia, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko auzoen hiri-berroneratze integral eta jasangarrirako duen sarearekin.
  • Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, Uretamendiko eta Betolatzako eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeari ekingo dio agintaldi honetan, eta bulego berriak laguntza eta aholkularitza teknikoa, juridikoa eta soziala eskainiko ditu.
  • Bulegoak Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa du, Berpiztu proiektuaren babesean, eta eraikuntza jasangarriaren, ekoberrikuntzaren eta energia-efizientziaren arloan arkitekturaren berrikuntza eta ikerketa-proiektuak sustatzeko euskal ekimenen artean dago.
  • Surbisak eraikin pribatuak eta haien ingurunea energia-efizientziako, irisgarritasun unibertsaleko eta gizarte-kohesioko irizpideekin birgaitzea bultzatuko du, Uretamendi auzoan hiri-eredu adimentsuagoa, jasangarriagoa eta sozialki inklusiboagoa sortuz.

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak birgaitze-bulego berri bat ireki du Uretamendi-Betolatzan, auzoko eraikinen eta etxebizitzen hobekuntza bultzatzeko, kontserbazio-, irisgarritasun- eta energia-efizientziako baldintzei dagokienez. Ekipamendu berria Surbisak kudeatuko du. Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, Berpiztu proiektuaren babesean, eta OPENGELA bulegoen sarea osatuko du (Euskadiko auzoen hiri-berroneratze integral eta jasangarrirako sarea).

“Bulegoan teknikariak, gizarte arloko, arlo juridikoko eta administratiboko langileak ditu, auzoko pertsona guztiei –hala eskatzen badute- hiri-birgaitzearen prozesu osoan laguntzeko. Dirulaguntzak, laguntza teknikoa eta juridikoa eta beste neurri batzuk eskainiko ditugu, eraikinak birgaitzeaz gain, inguruaren kontserbazioarekin eta auzoaren autoestimuarekin kontzientziatutako herritarren alde egiteko, erdigunearen eta periferiaren arteko aldeak murriztuz eta herritarrak erosotasunik edo irisgarritasunik ez edukitzeagatik auzotarrak kanporatzea saihestuz”, azaldu du Jon Bilbaok, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzeko zinegotziak.

Hiria Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bitartez, Uretamendiko eta Betolazako eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeari ekingo dio agintaldi honetan, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean auzoa birgaitzeko eremu babestua deklaratzea bultzatuko du, jabeek laguntza ekonomiko hobeak izan ditzaten euren eraikinetan eta etxeetan beharrezkoak diren birgaitze-obrak edo konpontze-lanak egiteko. Ekipamendu berria arkitekturaren berrikuntza sustatzeko EAEko ekimenen eta eraikuntza jasangarriaren, ekoberrikuntzaren eta energia-efizientziaren arloko ikerketa-proiektuen barruan dago, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat etorriz, bereziki Euskadiko Hiri Agenda – Bultzatu 2050 ezartzeko esparruan eta hiri-berroneratze integraleko proiektuen esparruan, baita Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planean ere (PIIE 22-24).

Uretamendi-Betolazak 201 eraikin eta 1.207 etxebizitza ditu, garai bertsuan eraikitako multzo homogeneotan antolatuta, eta, era berean, kontserbazio- eta irisgarritasun-premia handiekin, eta isolamendu termikorik gabe. Halaber, auzoaren ezaugarri soziourbanistikoak direla-eta,  beraz, arreta publiko berezia behar du, hala nola Surbisak eskaintzen dituen zerbitzuak auzo horri ere eskaintzea eta eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko obrak egitea erraztuko duten laguntza ekonomikoak izapidetzea eta ematea. Surbisaren esku-hartzearekin, jabe-erkidegoei arreta, informazioa eta laguntza emango zaie egin nahi dituzten obrak antolatzeko, kontratatzeko eta egiteko orduan; kontserbazio-egoera zainduko da, eta eraikin pribatuen eta haien ingurunearen birgaitzea energia-efizientziako, irisgarritasun unibertsaleko eta gizarte-kohesioko irizpideekin bultzatuko duten erabakiak hartzeko akordioak bilatzen eta bateratzen saiatuko da, Uretamendi auzoan hiri-eredu adimentsuagoa, jasangarriagoa eta sozialki inklusiboagoa sortuz.

Surbisak helburu eta ekintza hauek lortu nahi ditu:

  • Irisgarritasun unibertsala ezartzea, adinekoek edo mugikortasun murriztua dutenek beren etxeetan konfinatuta egon ez daitezen eta modu autonomoan bizi ahal izan daitezen.
  • Energia-eraginkortasuna handitzea, energia modu globalean aurrezteko.
  • Infraetxe-egoerak detektatzea eta zuzentzea, etxebizitzak egungo erosotasun- eta kalitate-parametroekin bermatuz.

Hiri finkatua naturalizatzeko eta espazio publiko eta pribatuen kalitatea hobetzeko esku-hartzeak sustatuko dira, klima-aldaketaren ondorioen aurka eginez, gune berdeak berreskuratzen eta osasuna sustatzen lagunduz.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi batzuk ere garrantzitsuak direnak, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.