• Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 4 milioi euro inguruko diru-ekarpena egingo dio Surbisari, Next Funtsetatik, uriko 670 etxebizitza energetikoki birgaitzeko.
  • Gainera, 363.000 euro izango ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten Funts Ezohikotik, jabetza pribatuko eraikinak eta etxebizitzak energetikoki birgaitzeko.
  • Horrez gain, Surbisak esku hartzen duen guneetan hiriak berroneratzeko aurrekontua gehitu behar zaio horri, zeina datorren urtean 1.520.000 eurokoa izango baita.
  • Laguntza guztiak, beraz, Surbisaren bidez izapidetuko dira, Bilboko eraikinen, etxebizitzen eta lokalen birgaitzea sustatzen duen udal sozietatearen bidez.

 

Hiri Berroneratzearen Sailak 6 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du birgaitze-lanetarako laguntzetarako 2023an.

Era horretan, Sailak, aurten ere, auzorik baztertuenetan, jasangarritasunaren, energia-eraginkortasunaren eta gizarte-kohesioaren alde egingo du; halaber, inguru eta eraikin-multzo bakanak hobetuko ditu, ondare eraikia segurua, irisgarria eta eraginkorra izan dadin eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzearren.

Aurrekontu horretatik guztitik, 4 milioi euro Euskadiko eraikinak eta etxebizitzak energiaren aldetik birgai daitezen sustatzeko Next Generation laguntzetatik datoz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren bitartez. Laguntza horiek, hala, Surbisa udal sozietateak kudeatuko ditu. Eta Bilbon leihatila bakarrarekin egingo du hori.

“Bilbon lau milioi euro inguruko diru-ekarpena jasoko dugu, 670 etxebizitza energetikoki birgaitzeko. Dirulaguntza horien bidez, trantsizio berdea, deskarbonizazioa, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien hedapena bultzatu nahi ditugu, eraikitako parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketen bidez” halaxe azaldu du Ivan Calderónek, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen zinegotzi eta Surbisako presidenteak.

Udal sozietateak hiru programa kudeatuko ditu, eta bilbotarrak programa horietara bildu ahal izango dira: etxebizitzen hobekuntza energetikoaeraikinen hobekuntza energetikoa eta Eraikinaren Liburua egiteko eta/edo eraikinak birgaitzeko proiektu teknikoak idazteko dirulaguntzak.

Gainera, Hiri Berroneratzearen Sailak 363.000 euro izango ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten Funts Ezohikotik, jabetza pribatuko eraikinak eta etxebizitzak energetikoki birgaitzeko. Ekarpen honekin, dirulaguntzak eskainiko ditu “Lerro Berdea A+” Programa abian jartzeko.

Lerro Berde berriak pizgarri ekonomiko eta teknikoak emango dizkie eraikinen jabe-erkidegoei eta etxebizitzen jabeei, energia-hobekuntzako obra txikiak egin ditzaten eta euren eraikinen dokumentu teknikoak atera ditzaten (ziurtagiri nahiz auditoretza energetikoa). Era horretan, aukera izango dute aholkua eta ezagutza biltzeko egiteko erabakiko diren birgaitze-obren bidez energia-eraginkortasuna eta aurrezpena hobetzeko ezaugarrien, defiziten eta aukeren gainean.

Laguntza motak lau bloketan banatzen dira:

  1. Energia-efizientziako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  2. Energia-auditoretzako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  3. Jabetza pribatuko etxebizitzetan energia aurrezten zuzenean eragiten duten esku-hartze txikiak egitea. Esate baterako, zoruak eta sabaiak isolatzea.
  4. Energia aurrezten zuzenean eragiten duten esku-hartze txikiak egitea eraikinetan. Esaterako, eraikinean isolamendu termiko partzialeko obrak egitea, edo eraginkorrak ez diren instalazio termikoak ordeztea.

Eta hauek dira laguntzen zenbatekoak:

  1. Eraikinen energia-efizientziako ziurtagiriak idazteko: 400 €, gehi 20 €/etxebizitza. Gehienez, 2.000 €/jarduketa.
  2. Energia-efizientziako auditoretzak idazteko: 400 €, gehi 40 €/etxebizitza. Gehienez, 3.000 €/jarduketa.
  3. Energia-hobekuntzako obra txikiak egiteko: % 50eko dirulaguntza. Gehienez, 15.000 €/eraikina eta 1.500 €/etxebizitza.

Babesten diren jarduketak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era egin beharko dira (hau da, eskaerak egiteko epea amaitzen den arte). Halere, eraikinetan obra txikiak eginez gero, obrak amaitzeko epea 2023ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Laguntzak eskatu ahalko dira aurrekontu-kontsignazioa amaitu arte edo 2023ko azaroaren 15era arte.

Dirulaguntzen eskaerak eta haiekin batera aurkeztu beharreko agiriak honela aurkeztu ahal izango dira: posta elektroniko bidez, surbisaverde@surb.bilbao.eus helbidean, edo aurrez aurre, Surbisaren bulegoetan, hitzordua eskatuta helbide elektroniko honetan: surbisarverde@surb.bilbao.eus, edo 944 159 955 telefonoan.

Energia-efizientzia hobetzeko eta aurrezteko plan hau Bilboren Agiriaren balioetan txertatzen da; zehazki, ingurumen-jasangarritasunari, konpromisoari eta erantzunkidetasunari, eta osasunari dagokienez. Modu berean, bat dator garapen jasangarrirako helburuekin; honako hauekin, hain zuzen ere: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

SURBISAK ESKU HARTZEN DUEN GUNEETARAKO LAGUNTZAK

Horrez gain, kontuan hartu behar dira Hiri Berroneratzearen Sailaren bidez Surbisak berak esku hartzen duen guneetarako kudeatzen dituen laguntzak. Aurrekontua, 1.520.000 eurokoa, zazpi laguntza-lerrotan banatuko da. Hona hemen zeintzuk:

  • 1. Lerroa: egoera babesgabean dauden familiak laguntzea: urtean 21.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dauzkaten familientzat.
  • 2. Lerroa: obretarako laguntzak ematea segurtasunagatik: txarto zainduta dauden eraikinek pertsonentzako ekar ditzaketen arriskuak ezabatzeko edo gutxitzeko, eraikinen egitura eta eraikuntza sendotuz.
  • 3. lerroa: irisgarritasuna hobetzeko eta igogailuak ipintzeko: adinagatik edo dibertsitate funtzionalagatik mugitzeko zailtasuna duten pertsonak beren auzoan edo etxebizitzan gera daitezen, erroturik eta giza harremanei eutsiz.
  • 4. lerroa: proiektu estrategikoak, leku berezietan kokatuta dauden eraikin multzoetan edo eraikinetan esku har dadin sustatzearren, hala nola plazetan, edo ondarea oneratzearren energia eraginkortasunari edo hobekuntzari dagokionez.
  • 5. Lerroa: beheko solairuetako lokalen irudia hobetzea: lokalen kanpoko irudia egokitzea eta berritzea da helburua, erabiltzen ari diren lokalak nahiz itxita daudenak.
  • 6. Lerroa: gizarte-kohesioa: bizi diren eraikinen birgaitze-obretako komunitate-gastuei aurre egiteko zailtasuna duten pertsonentzako eta familientzako laguntzak. Xedea da kolektibo baztertuenek egokitasunez bizitzeko modua izan dezatela eta diru baliabide gehiago dauzkaten pertsonekin batera bizi ahal izan daitezela, kanporatuak izan beharrik gabe komunitatearentzako eta egoiliarrentzako interes orokorrekoak diren obrei ezin aurre egiteagatik.
  • 7. Lerroa, espazioen eraldaketa eta berrerabilpen berderako: jabetza pribatuko hiri-espazioetan eta higiezinetan ingurumena hobetzeko jarduketak egitea, abandonu edo utzikeria egoeratik lehengoratzeko, berrerabiltzeko eta eraldaketa “berderako”, erabilera pribatu partikularraz harago joateko helburuarekin.

Surbisak esku-hartzen duen guneak hauek dira: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Udal sozietateak, bestalde, laguntza tekniko, juridiko eta soziala ematen du, laguntzak izapidetzen ditu leihatila bakar moduan, eta badauzka hirigintza arloko eskumenak obretarako lizentzien, eraikinen araubidearen eta besteren gainean.

Gainera, programa hauek bat datoz osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin, eta hiriak integratzaileagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izatea bilatzen dute, Bilbao Balioen Hiria agirian jasotako balore propioak diren neurrian.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala gauzatzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpikaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

Prentsa oharra

Bideoa