• Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak 2022ko bere jardueraren balantzea eta hirian izan duen eragina aurkeztu ditu gaur.
  • Ipinitako 14,7 milioi euroko guztirakotik, 8,5 birgaitze babestuko eremuetako eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko obrei dagozkie, 4,9 Etxebizitzen arloko Renove Planari eta 1,2 efizientzia energetikorako Lerro Berdeari.
  • SURBISAk, halaber, ia beste 1.043.000 milioi euro kudeatu zituen, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzen artean, eta 2.119.000 milioi euro baino gehiago eman zituen iaz Bilboko bizilagunen eraikinak, etxebizitzak eta bizi-kalitatea hobetzeko laguntza ekonomikoetan.
  • Guztira, 2022an, Bilboko 3.260 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetarako, laguntzen eta dirulaguntzen bidez.
  • SURBISA udal sozietateak 229 esku-hartze egin zituen ugazaben erkidegoetan, elkarbizitza eta auzotarren arteko harremanak hobetzeko, gizarte-kohesioa hautematearren eta lantzearren.

 

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak, 2022anSURBISAren bidez, inbertsio pribatuko 13,4 milioi euro bideratu zituen birgaitze-obretako.

Guztirako zenbatekotik, 8,5 milioi euro Bilbon babestuta dauden birgaitze-eremuetako eraikinetako eta etxebizitzetako birgaitze-obretarako inbertsio pribatuari dagozkio, eta gainerako 4,9 milioi euroak Etxebizitzaren Renove Planaren bidez bideratu ziren, eta 1,2 milioi energia-efizientziako obretarako Lerro Berdearen bidez.

Programa horietan guztietan, Bilboko 2.678 familiak, iaz, onura jaso zuten beren eraikinak eta etxebizitzak laguntzen eta dirulaguntzen bidez hobetzeko obretan.

SURBISAren jarduera-eremuetan egindako birgaitze-obrei dagokienez, nabarmendu behar da zonen arabera Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra direla inbertsio gehien egin dituzten eremuak eta, ondorioz, dirulaguntza gehien jaso dituztenak (5.271.000 eta 2.881.000 milioi euro, hurrenez hurren). Guztira, Bilboko eremu babestuetako 1.924 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetan, laguntzen eta dirulaguntzen bidez.

Hauek dira iazko SURBISAren balantzetik eta urian izan duen eraginetik ondorioztatzen diren kopuruetako batzuk, Ivan Calderón Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkariak egindako aurkezpenean.

SURBISAren bitartez, Hiri Berroneratzearen Sailak lan integrala egiten du: bitartekaritza, aholkularitza, laguntza eta laguntza ekonomikoak. Horri esker, izapidetutako eta onartutako dirulaguntzak, bai Eusko Jaurlaritzarenak, bai gureak, 3,1 euro izan dira, eta 15 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu dute”, azaldu du Iván Calderónek.

“Gure DNAri leial izanik, auzo behartsuenen birgaitzearen eta kohesioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, bai eta eraikuntza-ingurune eta multzo bereziak hobetzearen aldekoa ere”, gehitu du.

Laguntza hainbat modutan bideratzen da. Nabarmentzekoak dira SURBISAk eraikinen eta etxebizitzen kontserbaziorako eta segurtasunerako emandako laguntzak (525.000 euro), irisgarritasuna eta energia-efizientzia (315.000 euro) eta, azkenik, egoera ahulean dauden familientzako laguntzak (180.000 euro).

Horri guztiari, 2022ko Etxebizitzen Renove Planaren bigarren deialdian mobilizatutako inbertsio pribatuko ia 5 milioi euroak gehitu behar zaizkio. Plan horrek 899.338 euroko laguntzak izan ditu ekimen honetarako. Bi helburu izan ditu: batetik, etxebizitzen barruan obrak egitea, kalitatea, erosotasuna eta efizientzia hobetzeko, eta, bestetik, 60 urtetik gorakoen edo mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen etxebizitzen irisgarritasuna hobetzen laguntzea. Bigarren edizio honetan, programa uri osoko etxebizitzetarako izan da eta, guztira, 754 familiak jaso dute programa horren onura.

“Hiri Berroneratzearen Sailean, Surbisaren bidez, birgaitze-lanak sustatzen jarraitzen dugu, laguntza teknikoa eta soziala emanez, eta laguntza ekonomikoak emanez, betiere egoera txarrenetan dauden pertsonei begira, haien bizi-kalitatea hobetzearren”, gogorarazi du Iván Calderónek.

LERRO BERDEA

Horrez gain, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saila eta SURBISA, duela 10 urte baino gehiagotik, aitzindari izan dira hiriko alderik behartsuenetako eraikinetan eta etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko neurriak egikaritzen, baina, agintaldi honetan, beste urrats bat egin dute hiri osora iristeko.

Zehazki, 2022an eta 2023an, abian jarri du beste laguntza-lerro berri bat, Linea Berdea izenekoa, uriko bizitegi-eraikinetan eta jabetza pribatuko etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko neurriak ezar daitezen sustatzearren.

Lerro Berde berriak pizgarri ekonomiko eta teknikoak emango dizkie eraikinen jabe-erkidegoei eta etxebizitzen jabeei, dokumentu teknikoen idazketa kontrata dezaten, dela beren eraikinen ziurtagiria edo ikuskaritza energetikoa. Horrela, erabakitzen dituzten birgaikuntza-obretan, jakingo dute zeintzuk diren efizientzia-baldintzak eta energia-aurrezpena hobetzeko aukerak, eta zeintzuk ezaugarriak eta defizitak, eta haiei buruzko aholkularitza jasoko dute. Halaber, eraikin eta etxebizitzetan energia-hobekuntzako obra txikiak egiteko dirulaguntzak ematea ere jasotzen du lerro horrek.

Laguntza motak lau bloketan banatzen dira:

  • Energia-efizientziako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  • Energia-auditoretzako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  • Energia aurrezten zuzenean eragiten duten esku-hartze txikiak egitea eraikinetan eta etxebizitzetan. Esaterako, eraikinean isolamendu termiko partzialeko obrak egitea, edo efizienteak ez diren instalazio termikoak ordeztea.

Lerro berdearen bidez, iaz, 1.250.000 euro bideratu ziren instalazio-obretan egindako inbertsio pribatuan, eta 200.000 euro laguntzetan banatu, 580 familia baino gehiagoren artean.

ETXEBIZITZA, LAGUNTZA SOZIALA ETA IGOGAILU BERRIAK JARDUNAREN EREMUAN

SURBISAren laguntzarekin edo babesarekin egindako jarduketen tipologia aldatu egiten da esku-hartzearen arloaren arabera.

Nabarmentzekoa da Bilboko alderik behartsuenetan 113 etxebizitzaren barnealdea hobetzeko inbertsio pribatua, familiak hara bizitzera joaten direnez gero edo dagoeneko bertan bizi direnez gero. Azpimarratzekoa da diseinuen kalitate handia zurezko egitura eta espazio handiak dituzten espazio berezi horietan, ia 1.508.542€-ko inbertsioa egin baitzen, eta Zazpi Kaleetan egindako 60 esku-hartze eta Bilbo Zaharrean egindako 46 esku-hartze dira inbertsio horrekin egindakoen artean nabarmentzekoak.

Era berean, SURBISAk, esku hartzen duen eremuetako inguruabarrak eta eraikinen egoera ezagutzeaz gain, egoiliarren errealitatera eta auzotarren erkidegoetan eratzen diren harremanetara hurbildu ohi da. Iaz, 229 esku-hartze egin zituen gizarte-kohesioa eta bizikidetza hobetzeko, ez bakarrik akordioak lortzeko —birgaitzearen hainbat alderdiri dagokienez–, baita beharrezko bizikidetza hobetzeko edo/eta lortzeko ere, espazio komunak behar bezala erabiltzearren eta mantentzearren. Hauek izan dira ohikoenak: komunitateko bileretan laguntzea, gizarte-ekintzako kasuak, eta kalteberatasunari eta berankortasunari laguntzea.

Horrek guztiak SURBISAk jarduten duen eraikinetan eta auzoetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du. Hala, kidetasun-sentimendua sortzen da, bizikidetza baketsuaren oinarriak ezartzen dituena, errehabilitazio-prozesu orok bilatu behar duen kohesio sozial eta solidarioari mesede eginez.

Gainera, irisgarritasunaren arloan, Zazpi Kaleetan, nabarmentzekoak dira igogailua jartzeko 2022an eman diren 9 obra-lizentziak; obra horien artean, 7 dagoeneko amaituta daude. Igogailuak jartzeko lehentasunezko laguntzako jardun hauek 2015etik kudeatzen dira, Zazpi Kaleetako etxebizitza-eraikinetako Irisgarritasuna Hobetzeko Planarekin, eta 101 kontsulta jaso dira (47 juridikoak eta 54 teknikoak).

Beste alde batetik, Bilbo Zaharrean, nabarmentzekoak dira igogailua jartzeko bideragarritasuna baloratzeko txostenen eskaerak, 14 eman baitira, eta igogailu-obren 4 lizentzia. Iralan, igogailua jartzeko 5 obra-lizentzia izan dira.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala gauzatzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dieten esku-hartzea. Horrek esan nahi du ezen, hiria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpikaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

Bideoa