• Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisa udal sozietatearen bidez, hiriaren osotasunezko oneratze-prozesu jasangarri eta inklusiboa sustatu eta erraztuko du esku hartzeko eremu berri horietan.
  • SURBISAk, Uribarri, Matiko eta Zurbaran-Arabella auzoetan, 643 eraikin topatu ditu birgaitu beharra dutenak, igogailurik gabe eta laguntza sozio-ekonomikoaren beharrean.
  • Bestalde, Uretamendi-Betolaza auzoan, 207 eraikin daude, tipologia batekoak eta bestekoak, kontserbazio egoeran eta irisgarritasunean gabeziak dituztenak eta zaurgarritasun adierazleak dauzkatenak.
  • Horrela, bada, etxebizitza horien jabe diren pertsonek eta auzotarren erkidegoek aukera izango dute SURBISAk bere esku-hartze eremuetan bizi diren bizilagunei eskaintzen dizkien aholkularitza, laguntasuna eta dirulaguntzak eskuratzeko.
  • Eremu horiek zehazki zedarritzeko, Eusko Jaurlaritzak inguru bat arreta bereziko gunetzat jotzeko ezartzen dituen baldintzak baliatu dira.

 

SURBISAk, Bilboko udalaren birgaitze-sozietateak, gehitu egin ditu Uretamendi-Betolaza, Uribarri, Matiko eta Zurbaran-Arabella auzoetan eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgai daitezen eragiteko dituen esku-hartze eremuak.

Udalbatzak argi berdea eman dio gaur sozietateak jarduteko duen geografia-eremua zabalagotzeko proposamenari, hango bizilagunek beren eraikinak, etxebizitzak eta lokalak osotasunezko hiri-oneratze baterako prozesu jasangarri eta inklusibo batean sar ditzaten eragitearren, eta haiei horretarako erraztasunak ematearren.

SURBISAk 2011n idatzi zuen azterlan bat, birgaitzeko beharra zuten lehentasunezko inguruei buruzkoa, Bilbon 50 urte baino gehiago izanik zaurgarritasun adierazleak zituzten eraikinez. Azterlan hori oinarritzat hartuta, Surbisak zabalagotu egin ditu esku-hartzeko eremuak, zaurgarritasun-adierazleen bilakaerari, beharrizanari, egokitasunari eta/edo auzotarren eskaerari jaramon eginez. Ordutik, Zorrotzaurren, Olabeagan, Iralan, Zazpilandan eta San Ignazion ibili da lanean, eta baita ere Zazpi Kaleetan, Atxurin, Gurutze auzoan, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon, Zabalan eta Trenbideko langileen auzoan.

Udal agintaldi honetan zehar, Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, amaitutzat jo ahal izan du birgaitzearen kudeaketa Zorrotzaurren, eta asko aurreratu du Olabeagan eta Zazpilandan. Hori dela eta, esku-hartzea nora zabaldu ote genezakeen aztertu dugu, eta lehentasunezkotzat jo ditugu Uretamendi-Betolaza, Uribarri, Matiko eta Zurbaran-Arabella“, adierazi du Iván Calderónek, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Uretamendi-Betolazaren kasuan, 207 eraikinen artean, 75, Betolaza auzoan, mendi-hegaleko dentsitate txikiko eraikinen artekoak dira, irisgarritasunaren eta onik iraunaraztearen arloetan beharrizanak dituztenak; beste 36 ilaran antolatutako etxeak dira, beheko solairua eta beste bi dauzkatenak, eta guztientzako galeria erkide bat baliatzen dute; gainerakoak, adin bertsuko multzo berdinetan antolatutako eraikinak dira, eta haiek ere beharrizan argia duten onik iraunarazteko eta irisgarritasun-obrak egiteko, eta guztiak dira isolamendu termikorik gabeak.

Beste alde batetik, Uribarri, Matiko eta Zurbaran-Arabella auzoetan, badira zenbait errolda-sekzio eta eraikin-multzo homogeneo, guztira 643, eraikin-tipologia desberdinetakoak (zurezkoak, hormigoizkoak, multzo homogeneoak, etxadia eratzen duten eraikinak…), birgaitzeko beharra dutenak eta irisgarritasunez eta igogailuz hornitzeko beharra dutenak.

Kasu batean nahiz bestean, bizilagunek zaurgarritasun adierazleak dauzkate, hala nola familia-errenta, langabezia-tasa, okupazio-tasa, mendekotasun maila, ikasketa maila, herritarren adina eta abar.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren betekizunak betetzen dituzten inguruetan, birgaitze babestukotzat jo daitezen proposatuko da, autonomia-erkidegoaren dirulaguntza handiagoak jaso ahal izateko, Surbisak tramitatzen baititu leihatila bakarrean.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du hirian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du ezen, hiria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela, hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, ekonomia-jarduera sorraraztea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.