• Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ia 4 milioi euro inguruko diru-ekarpena esleitu zuen lehenengo ekarpenean. Kopuru hori Hiri Berroneratzearen Sailaren mendeko birgaitze-sozietateak dagoeneko konprometituta dauka Bilboko eraikin eta etxebizitzetako hobekuntza energetikorako hainbat obratan.
  • Gaur arte, onartutako dirulaguntzen zenbatekoa 3.238.000 eurokoa izan da 14 eraikinetan, hau da, 387 etxebizitzatan. Guztira, 800 kontsultari erantzun zaie.
  • Laguntza ekonomikoak birgaikuntza energetikorako dira, hiru programaren bidez: etxebizitzak hobetzeko, eraikinak hobetzeko eta eraikinaren liburua egiteko eta higiezinak birgaitzeko proiektuak idazteko.
  • Etxebizitzen kasuan, eskari gehienak kanpoko arotzeria aldatzeko eta inguratzailearen isolamendu termikoa hobetzeko dira.
  • Eraikinei dagokienez, horien birgaitze termikoak egingo dira inguratzailea erabat isolatuz, hau da, fatxada, patioak eta estalkia.

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailaren barruan dagoen SURBISA udal-sozietateak kudeatuko ditu, lehiatila bakar gisa, Bilboko etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak, Next Generation funtsetatik datozenak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hasiera batean esleitu zizkion 4 milioi euroak ia agortuta, Europako funts horietatik ekarpen berri bat gehitzea erabaki da, eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoa sustatzeko.

Horrela, hasiera batean jasotako 4 milioi euroez gain, SURBISAk 13 milioi euro inguru gehituko ditu Next Generation funtsetatik datozen laguntzak kudeatzeko. Funts horiek Bilboko etxebizitzetan eta eraikinetan birgaitze energetikorako lanak egiteko erabiliko dira. Horrela, Surbisak Next Funtsetatik datozen 17 milioi euro kudeatuko ditu Bilbon, leihatila bakar gisa.

Bilbon, dirulaguntza horien bidez, trantsizio berdea, deskarbonizazioa, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien hedapena bultzatu nahi ditugu, eraikitako parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketen bidez, halaxe azaldu du Ivan Calderónek, Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eta SURBISAko presidenteak.

IZAPIDETUTAKO LAGUNTZAK

Orain arte, onartutako dirulaguntzen zenbatekoa 3.238.000 eurokoa izan da 14 eraikinetan, hau da, 387 etxebizitzatan. Laguntzen izapidetzeari dagokionez, 1.522 etxebizitza daude izapidetzen, hau da, 2023rako Euskadin bete beharreko helburuen % 20 – 7.740 etxebizitza –, eta programa desberdinetako 382 espedienteri dagozkie: eraikinetarako laguntzak eta etxebizitzetarako laguntzak.

Oraingoz, SURBISAk 818 kontsultari erantzun die, energia-eraginkortasuneko obra horiek egiten laguntzeko eta laguntza ekonomikoak lortzeko. Horietatik gehienak etxebizitzako energia-hobekuntzarako kontsultak izan dira (670) eta gainerakoak (110) eraikinerako.

Bilboko eraikinetan laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: hobekuntza energetikoa lortzeko obrak egitea, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren adierazlea gutxienez % 30 murriztuz, esaterako, fatxadetako eta estalkietako isolamendu termikoko obren bidez. Gainera, obra horiekin eraikinaren energia-eskaria % 25 murriztu behar da.

ERAIKINEN BIRGAITZE ENERGETIKORAKO NEXT FUNTSAK

Euskadiko etxebizitzetako eta eraikinetako birgaitze energetikorako laguntzek 39,1 milioi euroko aurrekontua dute hasiera batean, eta 2023an handitu egingo da aurrekontu hori. Europako Next Generation funtsetatik eta Gobernu Zentralaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bidez datoz laguntza horiek.

Laguntzak eskatzeko prozesua errazteko, Etxebizitza Sailak Birgaitzeko Bulegoen sare bat sortu du. Bulego horiek leihatila bakar gisa jarduten dute, herritarrek haietara jo dezaten informazioa eskatzera eta Next Generation funtsen nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzen izapideak egiteko. Guztira 16 dira, horietako bat SURBISA. Laguntza ekonomikoak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta horien zenbatekoa obren bidez lortzen den energia-hobekuntzaren araberakoa da, eta eraikinen kasuan, kontuan hartzen da baita zer-nolako egoeran dauden.

Laguntza horiek emanda eta kudeatuta, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planean jasotako 27. eta 29. helburuak bete nahi dira. Helburu horiek etxebizitzak berritzeko prozesua amaitzeari buruzkoak dira, eta, batez beste, energia primarioaren % 30 aurreztea lortu nahi da.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala gauzatzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dieten esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

SURBISAk -Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzailea NEXT GENERATION Europako funtsetan- Bilboko Agiriko balioak ezar daitezen sustatzen jarraitzen du, zehazki, Ingurumenaren Jasangarritasunari, Konpromisoari eta Erantzunkidetasunari eta Osasunari dagokienez. Modu berean, garapen jasangarrirako helburuekin bat datozen jarduketak kudeatzen ahalegintzen da. Hauek dira garapen jasangarrirako helburuak: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

Audioa