• Hamar urte baino gehiago emanik obretan, SURBISA udal-sozietateak amaitutzat jo du higiezinen hiri-birgaikuntzaren kudeaketa.
  • Udalaren helburua etxebizitza-parke historiko baten kontserbazioa sustatzea izan zen, hura berritzeko eta bizi-kalitatea eta etxebizitzen erosotasuna hobetzeko.
  • Birgaitze gehienak integralak izan dira, eta energia-eraginkortasunaren, irisgarritasunaren eta kontserbazioaren irizpideei jarraituz gauzatu dira.
  • Proiektuak, guztira, 4,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eragin du, eta, horietatik, jabeek % 22 inguru jaso dute laguntza ekonomikotan.

Bilboko Udalak burutu du dagoeneko Olabeagako bizitegi-eraikin zaharrenen birgaitzearen kudeaketa, SURBISAk gauzatua, eta hala azaldu du gaur goizean Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi Jon Bilbaok.

“Hamar urte baino gehiago izan dira SURBISA udal-sozietateko diziplinarteko taldearen laguntza eta babesa jasotzen, eta, orain, betetzat jo ditzakegu aurreikusitako helburuak, eta amaitutzat jo 36 bizitegi-higiezinen hiri-birgaikuntza bultzatzeko kudeaketa. Hala, etxebizitza-parke historiko bat kontserbatzeko helburua betetzeaz gain, eraikinak zahartzea saihesteko eta eraikinon bizigarritasuna, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburua ere bete dugu“, ziurtatu du Jon Bilbaok.

Olabeagako bizitegi-erabilerako 36 eraikin zaharrenak area degradatu izendatu ziren 2013an, eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzaren eta SURBISAren dirulaguntzak jaso ahal izan zituzten, eraikinon narriadura fisikoagatik, irisgarritasun faltagatik eta haiek hobetzeko beharragatik, bai eta eraikinotan bizi ziren biztanleen baldintza sozioekonomikoengatik ere.

Urte hauetan zehar, SURBISAk informazioa eman die higiezinen jabeei eta pertsona horiek birgaitze- eta hobekuntza-obrak egiteko mobilizatu ditu, eraikinen zahartzea saihesteko eta, horrela, eraikinon bizigarritasun-baldintzak hobetzeko.

Proiektuak, guztira, 4,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eragin du; horietatik, jabeek ia % 70 jarri dute. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren dirulaguntzen bidez ordaindu da” –esan du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak–.

Azpimarratu nahiko nuke, laguntza ekonomikoaz gain, gure esku-hartzeetan informazioa eta laguntza ematen diegula familiei eta jabeen erkidegoei, haiek adosten dituzten obrak antolatu, kontratatu eta gauzatzeari dagokionez. Gainera, eraikinaren kontserbazio-egoera zaintzen dugu, eta erabakiak hartzeko kontziliatzen eta akordioak bilatzen saiatzen gara, birgaitzea energia-efizientziako, irisgarritasun unibertsaleko eta gizarte-kohesioko irizpideekin bultzatzeko, hiri-eredu adimentsuagoa, jasangarriagoa eta sozialki inklusiboagoa sortzeko” –gaineratu du Jon Bilbaok–.

Hiri Berroneratzearen Sailak, horretarako, obra integralak egiteko laguntzak eman ditu SURBISAren bidez, eraikinon segurtasuna hobetzearren eta kanpoaldeko itxura berritzearren nahiz etxebizitzen barruko bizigarritasuna hobetzearren. Birgaitzeak energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren irizpideei jarraituz gauzatu dira.

HAMAR URTEKO KUDEAKETA

2013an jaso zuen SURBISAk bizitegi-eraikin horiek birgaitzeko kudeaketa-gomendioa, eta, harrezkeroko tarte honetan guztian, SURBISAren zerbitzu tekniko, juridiko, sozial eta administraziozko guztiak jardun dira etxe-jabeen erkidegoak eginkizun horretan sustatuz eta laguntza emanez.

Birgaitutako higiezinak kale hauetan daude: Dike kalea 11, Trokabidea 1, Ventosa bidea 6, Olabeaga kaia 10, San Nikolas Olabeaga 7, Alfonso Churruca kaia (Zirgariak kaia) 2 eta Olabeaga aldapa 1.

Orain, SURBISAk amaitutzat eman du kudeaketa-gomendio hori. SURBISAk eta bere profesional-taldeak auzokoekin izan duten hurbiltasunari eta harmoniari esker lortu ahal izan dira hain emaitza onak, bai eta inguruko auzo-elkartearen laguntzari ere. Denek egin dute helburu beraren alde: auzoaren historia eta oroimena zaintzea, auzo izaten jarraitzeko gogoz.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.