• Helduak-Mayores Renove Vivienda 2025 programak 180.000. euroko aurrekontua du, eta xedetzat du irisgarritasuna hobetzea obren bitartez edo laguntzako euskarri domotikoak ipiniz.
  • Deialdi hau Hiri Berroneratzearen Sailak eta SURBISAk 2025erako dauzkaten gainerako dirulaguntzen modalitateei gehitu behar zaie, beraz, eta, guztira, 3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu bat egiten dute.
  • Helduak-Mayores Renove Etxebizitza Planean jasotako dirulaguntzen helburua da etxebizitzak birgaitzea, adinekoen irisgarritasunera egokitzeko.
  • Edizio honetako laguntzak eskatzeko deialdia 2025eko azaroaren 14ra arte egongo da zabalik.
  • Laguntza guztiak SURBISAren bidez izapidetuko dira, Bilboko eraikinen, etxebizitzen eta lokalen birgaitzea sustatzen eta eragiten duen udal sozietatearen bidez.

Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, laguntzen deialdi berri bat du 2025erako. Helduak-Mayores Renove Vivienda 2025 programa da, hiri osoan adineko pertsonen edo desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzera bideratua. Programa horrek 180.000. euroko aurrekontua du, eta xedetzat du irisgarritasuna hobetzea obren bitartez edo laguntzako euskarri domotikoak ipiniz.

“Hiri Berroneratzearen Sailarentzat eta Surbisarentzat, irisgarritasuna zeharkako lanerako ardatz bat gure eguneroko lanean. DNAn daukagun zerbait da eta uste dugu bizitzeko beharrizan bat dela, bizi kalitateari dagokiona, eta, gainera, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideek eskatzen duten legezko beharrizan bat ere badela, eta ezinbesteko neurri bat, inklusiorako eta gizarte-kohesiorako. Etxebizitzan irisgarritasunik ez izateak bertatik atera ezinda bizitzera edo etxea utzi behar izatera behartzen zaitu, eta hori saihestu nahi dugu horrelako programak martxan jarriz”, azaldu du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Deialdi hau Hiri Berroneratzearen Sailak eta Surbisak 2025erako dauzkaten gainerako dirulaguntzen modalitateei gehitu behar zaie, beraz, eta, guztira, 3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu bat egiten dute.

Hala, bada, Sailak, aurten ere, auzorik behartsuenen birgaitzea, jasangarritasuna, energia-efizientzia eta gizarte-kohesioa sustatu nahi ditu, eta eraikin berezien inguruak eta multzoak ere hobetu nahi ditu, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izan dadin eta kalitatezko etxebizitzak eskain ditzan.

Gutxieneko aurrekontua 1.000 €-koa da.  Helduak-Mayores programaren kasuan, etxebizitzetako obra eta instalazioetarako laguntzak dira, irisgarritasunera egokitzeko eta mugikortasun- edo zentzumen-ezintasunak dituzten pertsonak ez diskriminatzekoGutxieneko aurrekontua 1.000 € da. Adibidez:

  • Bainuontzia kendu eta dutxa jartzeko lanak.
  • Dutxan eserlekuak ipintzea.
  • Komunak, ateak, zoladurak, korridoreak eta eskubandak egokitzea, mugikortasuna errazteko, altzariak egokitzea, etab.
  • Domotika eta teknologia sistemak jartzea, norberaren autonomiari laguntzeko.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da, % 50ekoa, eta gehienez ere 3.000 eurokoa.

Uretamendi-Betolatza, Iturrigorri-Peñaskal eta Otxarkoaga auzoetarako dirulaguntza % 80koa izango da, 4.800 euroko gehieneko mugarekin.

Babesten diren jarduketak 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 15era bitartean egin behar dira, hau da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte. Laguntzak obrak amaitu ondoren eskatu ahal izango dira, 2025eko azaroaren 14ra arte edo aurrekontu-esleipena amaitu arte.

Dirulaguntzen eskabideak, beharrezko dokumentazioarekin batera, deialdia argitaratu ondoren (otsailaren 18rako aurreikusita) aurkeztu ahal izango dira, helduak@surb.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez, telematikoki Surbisaren webgunean edo aurrez aurre SURBISAren bulegoetan. Horretarako, hitzordua eskatu ahal izango da helduak@surb.bilbao.eus helbide elektroniko honen bidez edo 944 159 955 telefonora deituta.

AURREKO DEIALDIAREN BALANTZEA

Laguntza horien aurreko deialdian 168 familia izan ziren onuradun, Bilboko barruti guztietakoak. Nabarmentzekoak dira hauek: 1. barrutian 45 eskaera egin ziren, horietako 24 San Pedro auzoan; 5. barrutian 29 eskaera, 7. barrutian 20 eskaera eta 8. barrutian, berriz, 9 eskaera.

Baldintza subjektiboei dagokienez, onuradunen artean 29 mugikortasun murriztuko pertsonak izan ziren; ia eskatzaile guztiak (165) 60 urtetik gorakoak; erdiak emakumeak (88) eta 30 eskatzaile 85 urtetik gorakoak izan ziren.

Mobilizatutako inbertsio pribatua 518.929,51 eurokoa izan zen, hau da, batez besteko inbertsioa 3.089 €/ etxebizitza izan zen. Gehien-gehien egin zen obra, ordea, bainuontzia kendu eta dutxa jartzea izan zen (72).

Gainera, programa hauek bat datoz osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin, eta hiriak integratzaileagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izatea bilatzen dute, Bilbao Balioen Hiria agirian jasotako balore propioak diren neurrian.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, uria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.