Gaur aurkeztu den Bilboren hiri-birgaikuntzako 2036ko estrategiak birgaikuntza sustatzea, irisgarritasuna hobetzea eta birgaikuntza energetikoa bultzatzea du helburu.
Era berean, finantzaketa-eredu misto bat finkatu nahi du, proiektuen bideragarritasun ekonomikoa errazteko eta baliabide publiko eta pribatuak mobilizatzeko.
SURBISAk lehentasuna ematen die auzo kalteberenei, eta gizarte-kohesioa indartzen du, kalteberatasun-irizpide objektiboetan oinarritutako tresna propio eta berritzaile baten bidez.
Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eta SURBISAko presidente Jon Bilbaok “Bilboren hirigintza-birgaikuntzako 2036ko estrategia” aurkeztu du gaur. Estrategia horrek birgaituko diren etxebizitzen bolumena bikoiztu gura du hemendik 2036ra arte. Hiriko eraikinen parkearen batez besteko adina 55,5 urtekoa da, Euskadiko batez bestekoaren gainetik (48,7 urte) eta Espainia osoko batez bestekoaren gainetik (43,5 urte). Gainera, Bilboko etxebizitzen ia % 38k ez du igogailurik, eta % 78 1980a baino lehenago eraiki zen.
SURBISAren laguntzarekin, eraikitako parkearen urteko birgaitze-erritmoa bikoiztea da helburua, hamarkada batean Bilbon 40.000 etxebizitza birgaitzeko, hau da, hiriko bizitegi-parkearen laurdena. Horrela, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala bultzatu gura da, zeinarekin 350.000 etxebizitza birgaitu nahi baitira Euskadin 15 urtean, urteko erritmoa bikoiztuz, hau da, % 1,5etik % 3ra pasatuz.SURBISAk batez beste 2.150 etxebizitza birgaitzen lagundu du azken 10 urteetan lehentasunezko eremuetan, eta helburua lortzea aurreikusten du, hiriko lehentasunezko eremuetarako hainbanatuta.
Jon Bilbaok azaldu duenez, “hiri-birgaikuntzan oinarri sendo eta onartua izan dugu 40 urtez, SURBISA sortu zenetik. Urteotan, eredu propio bat eraiki dugu, auzo kalteberetan esku-hartze integralak eginez eta komunitateei hurbiletik lagun eginez. Hurrengo hamarkadarako erronka auzo eta profil sozial guztietarako irisgarria den birgaikuntza egitea da. Hartara, hiri-ehuna berritzeko eta egokitzeko erritmoa sustatu behar da, zailtasun handienak dituzten eta kalteberenak diren auzoak atzean utzi gabe, haien bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta jasangarritasuna areagotuta eta alokatu edo bizi ahal izateko birgaitu behar den etxebizitza oro –hutsik egon zein ez– higiezinen merkatuan sartzen lagunduta.
Funtsezko lau zutabe
Estrategia hau lau helbururen inguruan egituratzen da: bizitegi-parkea eskala handiagoan birgaitzea bultzatzea; hiri-kalteberatasuna murriztea eta gizarte-kohesioa indartzea, auzo ahulenei lehentasuna emanez; proiektuen bideragarritasun ekonomikoan eragitea, finantzaketa-eredu mistoa finkatuz (laguntza publikoak, zerga-pizgarriak eta finantzaketa pribatua uztartuz), eta gizartea kontzientziatzea, jendeak uler dezan birgaitzearekin bizi-kalitatean eta jasangarritasunean inbertitzen dela eta etxebizitza hutsak higiezinen merkatuan sartzea erraza dela.
Estrategia hau partaidetza bidezko prozesu baten bitartez prestatu da, barruko eta kanpoko eragileekin, talde politikoekin, herritarrekin eta Saileko zuzendaritza-taldearekin eta SURBISArekin batera. Estrategiak, gainera, SURBISAren berezko tresna bat jasotzen du, kalteberatasuna baloratzeko eta esku-hartzea lehenesteko, eta bere jarduna indartzen du eremu iraunkorretan (Zazpikaleak, Atxuri, Iturrialde, Solokoetxe, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala) eta aldi baterako eremuetan (Iralabarri, Zazpilanda, Uretamendi, Betolatza, Uribarri, Matiko, Zurbaran, Arabella eta Iturrigorri-Peñaskal).
Bestalde, aurreikusitako gobernantza-ereduak indartu egiten du Hiri Berroneratzearen Sailaren eta SURBISAren arteko koordinazioa, berrikuspen estrategikoak ezartzen ditu hiru edo lau urtean behin, eta urteko jarraipen-txosten publiko eta irisgarri bat jasotzen du, jarduketen inpaktu metatua neurtzeko aukera emango duena. Era berean, herritarrek parte hartzeko mekanismoak jasotzen ditu, komunitateen gogobetetasunaren ebaluazioa eta auzo-elkarteekin eta entitate profesionalekin parte hartzeko dinamikak barne.
“Europako erreferente bihurtu nahi gaitu hiri-birgaikuntzan, hiri bidezkoagoa, orekatuagoa eta etorkizuneko erronketarako prestatuagoa eraikitzen lagunduko digun eredu berritzaile eta erreplikagarri batekin”, adierazi du Bilbaok.
Dirulaguntzak
SURBISA 1985ean jaio zen, Bilboko uholdeen ondoren, eta, 1990etik aurrera, Eusko Jaurlaritzarenekin bateragarriak diren birgaitze-lanetarako laguntza ekonomikoak kudeatzen ditu. 2025ean, 22 milioi euro inguru bideratu zituen birgaitze-obretara, ia 3.246 familiaren mesedetan, energia-hobekuntzako, irisgarritasuneko eta egiturazko konponketetako jarduketetarako.
Jon Bilbaok adierazi duenez, “2036rako hiri-birgaikuntzako estrategiak etapa berri batean kokatzen du Bilbo. Birgaikuntza hiri-mailako proiektu bihurtu da orain, eta proiektu hori etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko eta eraldaketa auzo guztietara iristen dela bermatzeko gai izango da. SURBISAk eta Udalak, horrela, datozen belaunaldientzat bidezkoagoa, jasangarriagoa eta prestatuagoa izango den hiri baterantz aurrera egiteko dugun konpromisoa indartzen dugu”.
