Hiri Birgaikuntzarako Sozietateak auzoaren birgaitze integrala bultzatuko du, eta horrek eragingo die auzoko 58 eraikini eta 505 etxebizitzari, zeinek, batez beste, 45 urtetik gorako antzinatasuna baitute, eta kontserbazio-egoera orokor erregularra baitute. Eraikin guztietatik % 17,24k bakarrik dute igogailua, eta eraikin gehienek ez dute eraikinen ikuskapen teknikorik (EIT).
SURBISAk auzoan egingo duen esku-hartzea 10 urtez luzatuko da; dena dela, jabeek erabakiko dute zer erritmotan egingo diren birgaitze-lanak.
Iturrigorri–Peñascal auzoa birgaitze babestuko eremu izendatu berri du Eusko Jaurlaritzak eta akordio hori otsail honetako osoko bilkurara eramango da, onar dezaten.

SURBISAk hiriko auzo zaurgarrienetako batera zabalduko du bere jarduketa, Iturrigorri Peñascal auzora, zeina, auzo zaurgarrienetakoa ez ezik, per capita errenta txikiena dutenetako bat ere bada. Horregatik, helburua da auzotarren erkidegoei laguntza ekonomikoa eta soziala eskaintzea auzoan aurreikusitako hirigintza-eraldaketak eragingo ez dien auzoko 58 eraikinen birgaitze integrala egiteko.

Iturrigorri–Peñascal auzoa birgaitze babestuko eremu izendatu berri du Eusko Jaurlaritzak, Udalak hala eskatu ondoren, eta hori berretsi egingo da otsailean egitekoa den osoko bilkuran. Izan ere, eremu hori lehentasunezkoa da, SURBISAk hiria birgaitzeko aurrera eramaten dituen politika publikoak gauzatzeko. Politika publiko horiekin, irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetu nahi dira, eta mailaz maila egin nahi da hori, eraikitako parkearen aniztasunera egokitua.

SURBISAren helburua da, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak elkarrekin garatzen duten hiri-berrikuntzaz gain, berritze horretan sartuta ez dauden auzoko gainerako eraikinek ere —guztira, 58 eraikin eta 505 etxebizitza— aukera izatea birgaitze-obrak egiteko eta era horretan eraikuntza-baldintza hobeak lortzeko. SURBISAk egindako diagnostikoan aurreikusi da Gardeazabal auzoko 5 eraikinetan, Peñascal bideko 38tan eta Iturrigorribideko 15etan jardutea.

Eraikinen zahartasuna

SURBISAko presidente eta Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi Jon Bilbaok azaldu duenez, “Iturrigorri-Peñascal lehentasunezko eremua da guretzat; izan ere, batez beste 45 urte baino gehiago dituen eta kontserbazio erregularra duen parkea da, eta % 17,24k baino ez du igogailua, eta eraikin askok ez daukate eraikinen ikuskapen teknikorik (EIT ) eginda“.

Eraikitako parkean, 60-80ko hamarkadako eraikinak dira nagusi, eta 1950 eta 2011 arteko eraikinak ere badaude; beraz, batez besteko antzinatasuna 35-65 urtekoa da. Egindako diagnostikoak azpimarratzen duenez, 58 eraikinetatik 8k egin gabe dituzte zuzenketak, eta beste 8k ez dute energia-etiketarik; 10ek baino ez dute igogailua, eta kanpoaldean egin den isolamendu termikoko sistema oso urria da, 5 eraikinek baino ez baitute egin.

Helburua da 58 eraikinetan bizi diren familiek erosotasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera izatea hiri-birgaitzearen bidez, eraikinen kontserbaziorako, irisgarritasunerako eta energia-efizientziarako laguntza ekonomiko gehiagorekin.

SURBISAren laguntza da informazioa ematea eta diagnostikoa egitea eraikinen kontserbazio-egoerari buruz, birgaitzeko aukerei buruz, dauden laguntza ekonomikoei buruz (jabe-erkidegoaren eta partikularren obretarako), eskaerak betetzeko eta beharrezko dokumentazioa jasotzeko, finken administrazioekiko koordinazioa, gauzatze-aginduak dituzten kasuetan laguntza ematea arreta berezia eskatzen duten egoera arazotsuei, eta SURBISAko talde profesionalaren laguntza teknikoa, juridikoa, administratiboa, soziala eta ekonomikoa ematea.

Jarduera hori guztiz bat dator SURBISAren izateko arrazoiarekin, alegia, hiriko eraikin, etxebizitza eta lokalen birgaitzea sustatzea, hiru helburu hauei erantzunez: ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea; bizikidetza erraztea, eta kohesio soziala bultzatzea.

Leihatila bakarra

Gainera, Jon Bilbaok azaltzen duenez, “SURBISA leihatila bakar gisa aritzen da finantzaketa eskuratzea errazagoa izan dadin. Banakako bizilagunen zein erkidegoaren obrak egin nahi dituzten auzotarrei aholkuak ematen dizkiegu eskuragarri dauden laguntzei buruz. Auzora hurbiltzen gara, jabe-erkidegoek han bertan jaso dezaten arreta“.

SURBISAk uste du jabeek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen % 55 jaso ahal izango dutela —% 30 Eusko Jaurlaritzaren kontura eta % 25 SURBISAren kontura— beren eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integralari ekiteko egin beharko duten inbertsioan laguntzeko. Guztizko ehuneko horren % 25 bertan bizi diren familia jabeen inguruabar sozioekonomikoen arabera lortzen da.

Aurreikusitakoaren arabera, SURBISAk 10 urtez jardungo du auzoan, baina egiaz jabeek erabakiko dute zein izango den birgaitzeko erritmoa.

Aldez aurreko jarduketak

Surbisa 1985ean jaio zen. Surbisaren lehenengo helburua Zazpikaleak birgaitzea izan zen, kalte handiak eragin baitzizkioten 1983an Bizkaiko hiriburuan izan ziren uholdeek. Ondorengo urteetan, udal-sozietatearen jarduera-eremua beste alderdi batzuetara zabaldu zen: 1994an Bilbo Zaharrera zabaldu zen, eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. 2005ean, Surbisa hiriko alderdi gehiagotan jarduten hasi zen, Osoko Bilkurak horretarako baimena ematen zion neurrian. Baimen horien ondoren, Surbisak beste leku batzuetan ere esku hartu du, hala nola Artatzu Bekoan (2002), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin multzoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016), eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).