- Horietatik 11 milioi SURBISAren esku-hartze eremuetan egindako obrei dagozkie, eta 13 milioi uri osorako laguntza-programei. Guztira, 2024an, Bilboko 4.400 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetan, laguntzen eta dirulaguntzen bidez.
- Gainera, hiri-berroneratzerako aurrekontua, 2025ean, 3 milioi eurokoa izango da. Horietatik, 1.520.000 euro esku-hartze eremuetan birgaitze-obrak sustatzeko erabiliko dira, eta, beste horrenbeste, irisgarritasuna, efizientzia energetikoa eta egiturazko konponketak hobetzeko uri osoko eraikinetan.
- SURBISAren dirulaguntzak osagarriak eta bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituenekin, SURBISAk aldi berean eta leihatila bakar gisa izapidetzen baititu.
- SURBISAren bidez, Hiri Berroneratzearen Sailak lan egiten du eraikitako ondarea segurua, irisgarria eta efizientea izan dadin eta kalitatezko etxebizitzak eskain ditzan. Era berean, Sail horrek auzo behartsuenen birgaitzearen, jasangarritasunaren eta kohesio sozialaren aldeko apustua egiten du, bai eta ingurune eta eraikin multzo bereziak hobetzearen aldekoa ere.
Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bitartez, 24 milioiko inbertsio pribatua mobilizatu zuen iaz birgaitze-lanetan. Horietatik 11 milioi SURBISAren esku-hartze eremuetan egindako obrei dagozkie, eta 13 milioi uri osoari zuzendutako laguntza-programen bidez sustatutako esku-hartzeei: energia-eraginkortasunerako lerro berdea, oztopo arkitektonikoak kentzea eta egiturazko konponketak.
Guztira, 2024an, Bilboko ia 4.400 familiak jaso dituzte onurak beren eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko lanetan, SURBISAko esku-hartze eremuetarako zein urirako oro har emandako laguntzen eta dirulaguntzen bitartez. Horrela azaldu du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eta SURBISAko presidenteak 2024ko jardueraren balantzea eta 2025erako birgaitze-laguntzen deialdia aurkezteko prentsaurrekoan.
“Hiri-berroneratzerako aurrekontua, 2025ean, 3 milioi eurokoa izango da. Horietatik, 1.520.000 euro esku-hartze eremuetan birgaitze-obrak sustatzeko erabiliko dira eta, beste horrenbeste, irisgarritasuna, efizientzia energetikoa eta egiturazko konponketak hobetzeko uri osoko eraikinetan”, adierazi du Jon Bilbao zinegotziak.
Zehazki, SURBISAko Administrazio Kontseiluak datorren urtean eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartu ditu. Alde batetik, Surbisaren esku-hartze eremuetara bideratutako dirulaguntzak, hau da, Udalak babestutzat jo dituen eta laguntzen onuradun izan daitezkeen Bilboko eremuetako eraikin eta etxebizitzak: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Zazpilanda, Uribarri, Uretamendi eta Betolatza.
SURBISAk 1990etik dauzka laguntza ekonomikoak horrelako obretarako, eta laguntza horiek etengabe sustatu dute eraikin, etxebizitza eta lokalen hobekuntza eta kontserbazioa Surbisak hiri-berroneratzea kudeatu duen jarduketa-eremuetan. Oinarriak osagarriak eta bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzekin, eta SURBISAk aldi berean eta leihatila bakar gisa izapidetzen ditu.
Birgaitzean laguntzeko, Jon Bilbao zinegotziaren bulegoak SURBISA birgaitze-sozietate publikoaren talde teknikoa, juridikoa, soziala eta administratiboa dauka, bai eta hainbat irizpideren arabera ematen diren dirulaguntzak ere:
0. lerroa.- Obrak gauzatzeko erabakiak hartzeko oztopoari aurre egiteko, jabeen erkidegoei zuzeneko laguntza emanez sustatzen baita.
1. lerroa.- Zaurgarritasun-egoeran dauden eta etxebizitzetan konponketa-lan txikiak lehenbailehen egin behar dituzten familientzako laguntza.
2. lerroa.- Eraikinen segurtasuna eta egonkortasuna lortzeko, familiei beren diru-sarreren arabera laguntzen zaie.
3. lerroa.- Irisgarritasun-baldintzak hobetzea eta igogailuak instalatzea: Mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak beren auzoan, eraikinetan eta etxebizitzan mantentzea sustatzen da, sustraitzeari eta giza harremanei eutsiz.
4. lerroa.- Proiektu estrategikoak: Hirigintza-araudiak babestutako elementuen edo interes historiko-artistikoa duten elementu berezien kontserbazioa sustatzen da. Era berean, birgaitze energetikoa, amiantoa kentzea, fatxada nagusietako kableak kentzea, erabilera publikoko espazio pribatuak urbanizatzea eta aztarna ekologikoa eta hondakinen sorrera murrizteko lan egiten duten proiektuak sustatzen dira.
5. lerroa.- Hiri-irudia hobetzea lortzen duten merkataritza-lokaletako obretarako laguntzak.
6. lerroa.- Gizarte-kohesiorako laguntzak. Kolektibo behartsuenei laguntzen zaie, obren kostu osoa ordaintzera irits daitezkeen laguntzekin, baldintza egokietan bizi daitezen, komunitatearentzat eta bertakoentzat interes orokorrekoak diren obrei aurre egin ezin dietelako kanporatu ez ditzaten.
7. lerroa.- Erabiltzen ez diren espazioak birnaturalizatzeko jarduketak. Zuzeneko laguntzak dira hondatutako edo erabilgarritasunik gabeko espazio pribatuak erabiltzeko proiektu berdeak aurrera eramaten dituzten jabeentzat edo jabeen erkidegoentzat.
Beste laguntza berezi batzuk, esaterako:
- Tranbiaren trazadurak eragindako aldamioak jartzeko laguntzak.
- Finkak administratzeko zerbitzu profesionalak kontratatzeko laguntzak.
- Termiten aurkako tratamenduan, eraikuntza-etxadietan batera esku hartzeko laguntzak.
- Larrialdiko jarduera txikiei jabetzak ordezkatuta ekiteko laguntzak.
Gune babestuei, dokumentazioari eta baldintzei buruzko informazio guztia bilbao.eus/surbisa webgunean kontsulta daiteke.
URI OSORAKO LAGUNTZAK
Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak Bilbo osoari zuzendutako laguntza ekonomikoak ere baditu, eraikin guztietan beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen diren hiru alderditan arreta jartzen dutenak. Horretarako, “Lerro berdea”, “Oztopo arkitektonikoak kentzea” eta “Egiturazko konponketak” izeneko laguntza-programak jarriko ditu bilbotarren eskura 2025ean, Bilbo osoko bizitegi-eraikinetan egindako obrak eta jarduketak sustatzeko.
“Nabarmendu behar da uribilduko eraikinen % 47k ez daukala igogailurik; etxebizitzen % 81 1980a baino lehen eraiki zirela, eta, beraz, gehienek ez dauzkatela energia-eraginkortasuneko baldintza egokiak; eta askok EITa egin behar dutela egon litezkeen egitura-arazoak detektatzeko. Programa horien helburua gabeziak kalitate- eta erosotasun-estandar hobeetara egokitzea da“, azaldu du Jon Bilbaok.
Horrela, 2025eko aurrekontuak 800.000 euro aurreikusten ditu uri osoan irisgarritasuna hobetzeko arkitektura-oztopoak kentzeko; 160.000 euro egitura-laguntzak konpontzeko; 350.000 euro “Lerro Berdea” ekimenerako, Bilboko bizitegi-erabilerako eraikinetan energia-eraginkortasuneko irizpideak kontuan hartuta birgaitze-lanak egitea sustatzeko; eta 180.000 euro adinekoen irisgarritasuna hobetzeko laguntzetarako.
HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA
Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, uria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.
SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.