- Etxea Gaztetu programa SURBISAren bultzadaz egiten da, eta, haren bidez, esku hartzen duen eremuetako egoiliar bilbotarrei laguntza horiek eskatzeko aukera ematen zaie auzo horietako biztanleen eskariari erantzuteko.
- Etxea Gazteturen helburua da euren bakardade-egoera arindu nahi duten adineko pertsonei euren etxebizitzak hobetzeko bidea ematea eta etxebizitza horiek ostatu-beharrizana duten gazteekin partekatzea.
- Beraz, Gaztetu Etxea programa, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala ez ezik, Zazpikaleetara, Gurutze auzora, Iralara, Zazpilandara, Uretamendira eta Uribarrira ere zabalduko da.
- Bakarrik bizi diren adineko pertsonentzako laguntzak, gehienez ere, 9.000 eurokoak izango dira.
- SURBISA arduratuko da etxebizitzaren beharrizanak edo gabeziak baloratzeaz, eta alde bien ezaugarriak eta eskariak kontuan hartuta egokien iritzitako pertsonak hautatzeaz.
- Bizikidetza 12 hilabete artekoa izango da, eta jabeak 350 euroko hileko soldata jasoko du. Bestalde, bizikidea 35 urte inguruko ikasle edo gazte profesional bat izango da.
Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak erabaki du Etxea Gaztetu programako laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera SURBISAren esku-hartzeen eremu guztietara zabaltzea.
Kuvu enpresaren laguntzarekin gauzatutako programa bat da, eta haren helburua da, alde batetik, beren etxebizitza gazteagoak diren beste pertsona batzuekin partekatzeko prest dauden adineko pertsonen etxebizitzak birgaitzea eta, bestetik, bizikidetzaren bitartekotza- eta tutoretza-zerbitzua betetzea.
Programa hori 2024ko urrian abiatu zen proba pilotu gisa, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan, eta, orain, auzo horretan aurkeztutako eskaerak aztertzen ari dira. Aldi berean, SURBISAren esku-hartzeen beste eremu batzuetarako informazio-eskaera batzuk jaso dira programa bererako. Horregatik, Sailak eskaera horri erantzutea erabaki du, eta SURBISAk jarduten duen gainerako eremuetako bizilagunak ere sartzea; eremu horien artean, Zazpikaleak, Gurutze auzoa, Irala, Zazpilanda, Uretamendi eta Uribarri daude.
Bere eskaerak jaso ondoren, SURBISA arduratuko da etxebizitza-premiak edo -gabeziak baloratzeaz eta birgaitzeko laguntzak eskaintzeaz. Elkarbizitzarako egokiak diren pertsonak ere hautatuko dira, eta programak gehienez ere iraungo duen 12 hilabeteetan etengabeko jarraipena eta bitartekaritza egingo dira, Kuvu enpresa sozialak emango duen laguntza teknikoarekin.
Laguntzak bakarrik bizi diren eta euren ohiko etxebizitzaren jabe diren 60 urtetik gorakoei emango zaizkie. Pertona horiek, dirulaguntza ez ezik, hilean 350 euro inguru jasoko dute errenta gisa.
Bestalde, maizterrak ikasleak edo 35 urtetik beherako profesionalak izango dira, ostatu lasaia arrazoizko prezioan bilatzen dutenak, norbere kontura bizitzen saiatzen direnak eta konfiantzazko eta bizikidetza oneko ingurune batean beste belaunaldi bateko pertsonekin bizitzeko motibazioa dutenak. Hautaketa-prozesuan jasotzen da zer espero den elkarbizitza horretatik, zeintzuk diren lerro gorriak eta zer alderdi hartu behar diren kontuan hautagai ideala aurkitzeko.
Bizikidetzak urtebeteko iraupena izango du, eta, gainera, luzatzeko aukera izango da, baldin eta bi alderdiak pozik badaude.
“Bizikidetzarako laguntza-zerbitzuaren kostu osoa, urtebeteko epe horretan, Etxea Gaztetu programak ordainduko du, bai adinekoentzat, bai haien bizikide gazteentzat. Baina hori bai, zerbitzu horretan sartzeko, programaren talde teknikoak aldez aurretik azterketa bat egingo die”, gaineratu du Jon Bilbaok; horretarako, SURBISAko talde tekniko eta sozialaz gain, Kuvu gizarte-enpresaren laguntza teknikoa jasoko dute.
Informazio gehiago eskuratzeko edo eskaera bat egiteko, bide hauetako bat erabili ahal izango da: www.etxeagaztetu.eus webgunea, Surbisaren telefonoa edo contacto@etxeagaztetu.eushelbide elektronikoa.
KUVURI BURUZ
Kuvu enpresa soziala 2019an sortu zen, Eduardo Fierro, Jon Ander eta Haize Trueba ekintzaile gazteek bultzaturik, helburu bikoitzarekin: alde batetik, bakarrik bizi diren adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, gazteek logelak arrazoizko prezioan alokatzeko duten eskaintza handitzea.
Kuvu enpresak adineko pertsonak eta ostatua bilatzen ari diren gazteak konektatzen ditu bere plataformaren bidez, eta era horretan elkarri laguntzea eta etxebizitza partekatzea sustatzen du. Kuvuk nazio mailan du presentzia, elkarbizitzako 18.000 gau baino gehiago eskaini ditu, eta programak garatu ditu erakunde publikoekin, hala nola Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin. Gainera, jardunbide egokia duela aitortu diote iSocial fundazioak, Pilares Fundazioak, Granadako Unibertsitateko Belaunaldien arteko Ikasketen Katedrak, Mapfre Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
HIRI BERRONERATZEAREN SAILARI ETA SURBISARI BURUZ
Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, uria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.
SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpikaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.